BILBO. Protokoloa Txurdinagako Larrialdiak Koordinatzeko Gunean sinatu da, eta Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak itsas salbamenduaren alorrean eta itsasoaren kutsaduraren kontrako borrokaren alorrean elkarlanean jarduteko erakutsitako borondatea bete da horrela.
Jaurlaritzak guztira 14 ontzi jartzen ditu itsas salbamenduaren eta erreskatearen esku -Gurutze Gorriarekin sinatutako hitzarmen baten bidez kudeatzen dira-, baita Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko erreskate eta salbamendu bitartekoak ere.
Sinaturiko dokumentuan zehaztu da protokoloa aplikatzekoa izango dela Euskal Autonomia Erkidegoko kostako larrialdi, komunikazio eta jardun guztietan, baita haien ondorioengatik Euskal Autonomia Erkidegoaren interesetan eragina izan dezaketen jardunetan ere.
Testuan komunikazio bideak zehaztu dira, eta itsasoko giza bideen segurtasunean, merkataritza ontzietan, arrantza ontzietan, aisialdi ontzietan, pertsonak itsaslabarretan erortzean, hondartzetan edo barneko uretan pertsonak erreskatatzean edota jolas jardueren ondoriozko erreskateetan eragina duten larrialdietan egin beharreko urratsak finkatu dira.
Halaber, akordioan ezarri da hilean behin SAR ariketa operatibo bat egitea, eta bertan parte hartzea Jaurlaritzaren larrialdiei aurre egiteko jarduera taldeak eta itsas salbamenduko unitateren batek. Ariketa horietakoren bat gaueko entrenamendua izatea saiatuko dira bi aldeak.