BILBO. Horrela, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 2015eko urtarrilean EAEn 550 desfibriladore erroldatuak zeuden bitartean, gaur egun beste 916 desfibriladore gehiago erregistratu dira: 240 Araban, 834 Bizkaian eta 392 Gipuzkoan. Era berean, 2016an, oinarrizko bizi euskarrien saretik kanpo, 33 desfibriladore automatiko erabili zituzten osasun langile ez ziren pertsonek; 2015ean, berriz, 11 aldiz erabili zituzten.
Jon Darpon Osasun sailburuaren iritziz, dekretuaren aplikazioaren emaitzak "bikainak" dira, eta oso pozik agertu da "erabilgarritasuneko eta kontzientziazioko helburuak bete direlako, eta, ondorioz, bizitza gehiago salbatu ahal izango direlako".
"Dekretuari esker Euskadin desfibriladore asko instalatu dira, eta ez derrigortuta dauden lekuetan bakarrik, baita, bizitzak salbatzeko asmoz, hala ezarri nahi izan duten zentroetan ere. Izan ere, bihotz geldialdien %80 ospitaletik kanpo gertatzen dira", azaldu du.
Hain zuzen ere, osasun esparrutik kanpo bizitzak salbatzeko desfibriladoreen erabilera sustatzea da 2015eko dekretuaren helburu nagusia. Hortaz, EAEn, besteak beste, establezimendu publiko eta komertzial handietan, aireportutan, autobus, tren eta metro geltokietan, kirol instalaziotan eta ikuskizunen instalazioetan, eta ikastetxetan ezarri dira desfibriladoreak.
Osasun lanbidetik kanpo dauden pertsonek erabili ditzaketenez, larrialdi zerbitzuak iritsi bitartean bihotz biriketako geldialdi bat jasaten duen pertsona baten bizitzeko itxaropenak handitu egiten dira.