Zamudio - Zamudioko bilkura gelan ospatutako deialdi berezian ez zen inongo berririk egon. Maiatzaren 26an lortutako emaitzek EAJren gehiengo nagusia berrizteko balio izan zuten, izan ere, 2015ean jorratutako hauteskundeetan bezala, jeltzaleek Udala osatzen duten hamaika zinegozigoetatik zazpi lortu zituen, EH Bilduk lortutako lau ordezkarien aurrean. Horrenbestez, gaur hasitako legealdian Igotz Lopez izango da Zamudioko alkatea eta beste behin ere bere karguaren funtzioak beteko zituela hitz eman zuen. Honela, orain dela lau urte hasiera eman zion proiektuari jarraipena emateko aukera izango du zamudioztarrak.

“Oso eskertuta nago jendeak gure proiektuarengan izan duen konfian-tzagatik. Benetan pozgarria da lau urteren buruan herritarrek berriro ere gure planteamendu eta taldearengan sinesten jarraitzen dutela ikustea. Espero dugu denok batera lanean jarraitu ahal izatea, errespetu osoz, lau urte barru herri hobea aurkitzeko eta egunean egunen hazten jarraitezko”, adierazi zuen Lopezek behin bozkaketa bukatuta. Gainera, EAJko eta beste alderdi politikoetako hautagai guztiei ere bere eskerra erakutsi zien. “Aipagarria da aukeratuak izan ez diren hautagai guztien lana, eurek ordezkat-zen duten alderdia kontuan izan barik, izan ere, Udalbatzan parte hartzeko ahaleginak Zamudiorengatik eta gure herritarrengatik lan egiteko interes handia dagoenaren isla argia da. Hortaz, eskerrik asko eurei ere”.

Oposizio aldetik, Deine Larrabeiti izan da EH Bilduren proiektuaren buru. Berak adierazi zuenez, Udal mahaiari bere ikuspuntua beti era egokian azaltzeko konpromezua hartu du. “Batzuetan ados egongo gara, baina honela ez denean gure ideiak aurkeztuko ditugu, hau zilegi da. Espero dugu inongo trabarik gabeko oposizio bat egin ahal izatea”.