Arrieta. Jon Torrealday Aberri zena apirilaren 10ean utzi zuen betirako Arrieta herria, 88 urterekin. Herrian eman zituen bizitzako urte guztiak eta han burutu zuen aberriaren aldeko borroka sendoa gazte garaitik. Bere herritik abiatzen zuen beti euskal kulturaren eta aberriaren aldeko lehia, gaztetik EAJrekin erlazionatuta egon zela. "Herri txikia baina handia da Arrieta", zioen beti harro. Gazte garaitik inplikatua, Aberrik herritarren azken agurra jaso zuen Arrietako egun triste batetan.
Morga, Olabarri, Errigoiti, Meñaka, Gamiz-Fikan... inguruko herri guztietan zen ezagun Euzko Alderdi Jertzalearen ordezkari izandako gizona. Bere jaioterriarekin inplikatuta egon arren, inguru guztian ibili zen lanean, ekintza ezberdinak antolatzen. "Errespetatua zen. Abertzale historikoa izan zen eta herritarrek asko ezagutzen zuten. Estimatua zen inguru guztian", diote gaur Aberriren lagun izandako zenbait arrietarrek.
Beti lehiakor azaldutako gizona zen. Gazte garaian, gerra ezagutu zuen nerabe bat zelarik eta adina bitarteko, ez zuen parte hartzeko aukerarik izan. Familia abertzale baten seme, laster ezagutu zituen Franquismoaren ondorioak eta familiarekin herria utzi behar izan zuen gerraren borrokak zirela medio. Hiru hilabeteko erbestea bizi izan zuen orduan, herritik kanpo. Arrietara itzultzean, etxea erdi hondatuta aurkitu zuen Torrealday Gerekaetxebarria familiak eta diktadura garaia hasi zuten, berriro zerotik hasita, zailtasun askorekin.
Laster hasi zuen Jon Torrealdayk Euskadiren aldeko lana giro horretan. Errepresioaren aurkako panfletoak banatzen zituen, esaterako, diktadurako urte gogorrenetan. Baita kartelak itsasten ere. Berak ondo ezagutzen zituen herritar guztiak eta bitartekaritza lanetan aritu zen urte askotan. ELA sindikatuarekin bat egin eta lan mardula burutu zuen honen idealismoa zabaltzen ere. Herritarrei mezuak helarazten zizkien. Apurka-apurka erreferente batean bihurtu zen eta Aberri ezizena jaso zuen. Lau alaben aita, kamioia erosi eta bana-tzaile lanak hasi zituen beranduago. Kamioia bitarteko, inguruko pertsonak bisitatzen hasi zen, beti mezuak batzuei eta besteei zabaltzen. Azpiko lanak sendotzen aberriaren alde. Lana herrian bertan ere burutu zuen. Baserritarren aldeko sindikatuaren partaide izan zen Arrietan eta hori dela eta gogoratua da oraindik ere. Berak antolatu zituen, esaterako, Isidro Deunan ospatutako hainbat jaialdi, ohiturak markatzen zuen bezala. Camara Agrariako presidentea izan zen Franco hil ondoren.
Diktadura ondoren Franco hil eta ondoren Aberriren figura sendotu egin zen. Berak jarri zuen, esaterako, garai hartako lehen ikurriña Arrietan. Kanpai-dorrean egin zuen eta goraino heltzeko trabak zirela eta, Guardia Zibilak hiru egun behar izan zituen ikurriña handik kentzeko. Hiru egun haiek ondo gogoratzen dituzte arrietarrek. Euskadiko maitasuna ikurriñaren bitartez erakusten jarraitu zuen ere. Herritarren arabera, "garai lats haietan inork ez zekien zer gertatuko ote zen eta Aberrik beharrezkoa zen ausardia erakutsi zuen". Herriko jaialdietara ere bere ikurriña oihala eramaten zuen beti. Horrela, San Juanerako ibilbide tradizionalera ikurriñarekin agertu izan zen Franco hil eta berehala, gure bandera ofizializatu aurretik. "Bera bezalako pertsonen borrokagatik gaude gu orain horrela. Goraipatu behar dugu lan hori".
Garai horretan berak hartu zuen inguruetako Euzko Alderdi Jertzalearen antolakuntza lanak. Gaztetik egon zen alderdi honi lotuta eta diktadura amaituta beragana jo zuten alderdiko buruzagiek. Lan bikaina burutu zuen alderdiaren estruktura antolatzen eskualde osoan. "Beti gauzak prestatzen eta antolatzen zebilen", gogoratzen dute. "Lan isila eta ezkutua buru-tzen". Politikaz kanpo kulturaren aldeko lana ere burutu zuen. Beti euskal hitzak eta hizkuntza propioa ahoan izanda. Txikitatik ezagututako kantak abesten zituen, esaterako, herriko tabernan edo beste edonon, transmizio lana bermatuz. Lagun izandako herritarren arabera, "Jonek iritzi guztiak errespetatzen zituen. Besteen argudioak entzun egiten zituen baina era berean bereak ez zituen inoiz ezkutatzen. Egiarekin edonori egiten zion aurre".
Abestiak dioen bezala, gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak. Aberri izan da enborraren zati garrantzitsua Arrietan.