Zazkel taldetik berpiztuta sortu dute TRB Turbo Retrobator musika elektronikoa lantzen duen taldea Etxahun Arregik eta Oskar Rodriguezek. Proiektu berriak aurreneko lana kaleratu du, taldearen izen berarekin deituta. Bost abestiz osatutako diskoa gordina eta zuzena dela azaldu du Etxahun Arregi (Bilbo, 1985) taldeko abeslariak. 

Turbo Retrobator izena nondik dator?

-Euskal mundutik gatoz gu eta, agian, zuzen-zuzenean baserri mundutik ez, baina gure sustraiak nekazaritzan daudela esan dezakegu, eta omenaldi bat egiteko, bertan, lurra iraultzeko erabiltzen den makinaren izena jaso dugu taldearen deituran: Rotavator-a. Turbo hitza, aldiz, 80ko hamarkadako mundu futurista hori bilatu nahian gabiltzalako jarri genion. Biak uztartu ditugu: alegia, irudi futurista eta gure tradizioa. Izena gure-tzat bikaina da, baina konturatu gara jendeari kosta egiten zaiola esan eta gogoratzea. Beraz, izenetik TRB esatera edo horrela deitzera pasatu gara. Musika munduan horren adibide argia da MCD. Me cago en Dios taldea bere siglengatik da ezaguna. 

Nola definituko zenuke egin duzuen diskoa?

-Gordina eta zuzena bezala definitzen dugu. 80ko hamarkadako musika estiloan erabiltzen diren sintetizadoreak erabiltzen ditugu eta ez dira oso leunak. Ez dira limurkerietan ibiltzeko. Soinu zuzena eta gordina dute eta horrek dira gure estiloaren oinarriak. Materialak baldintzatzen du gure izaera. 

‘Baztan’ kantua, Laboa eta Artzeri omenaldia da.

-Euskal Herriko talde guztiek egiten duten gauza da bertsioak edo omenaldiak egitea. Errepikapenean erori gabe egin nahi genuen. Baztan abestia ez dago Mikel Laboaren hamar abesti ezagunenen artean. Nik uste horri balioa eman behar zaiola. Laboak lan handia egin du eta aldarrikapen txiki bat da jendeak bertsionatzen duenean. Hamar abesti ezagun horietatik kanpo ez da asko sakontzen eta omenaldi polit bat dela iruditu zaigu. Gainera, gure esaldi bat gehitu diogu gureago egiteko. 

Irudiak garrantzia handia du?

-Irudiaren munduan bizi gara. Spotify jartzen duzunean musika aplikazioa da, baina bideoak azaltzen zaizkizu iragarkiekin. Instagram, Tiktok eta horrelako sare sozialetatik doa informazioa eta askoz errazagoa da jendearengana iristea. Adibidez, Baztan abestiaren bideoklipa garrantzi-tsua izan da jendearengana heltzeko.

Frontoiak eman du zeresana. 

-Askok galdetu digute. Familiarekin egun pasa bat egiten nengoela mendi magal batetik pasatu eta kasualitatez topatu nuen. Pentsatu nuen: frontoi hori, irudi hori, katartikoa da, hau niretzat behar dut. Irudi eta toki ikaragarria da eta erabaki dugu ez esatea non dagoen. Kasualitatez aurkitutako altxorra da eta polita izan dadin, horrela jarraitu behar du, alegia, inor bertaratu gabe. 

Zazkel taldetik berpiztuta sortu dute Turbo Retrobator Hodei Torres

Bost abesti jaso dituzue, eta bakarrak du letra.

-Orain, gauza berrietan ari gara eta gehiago zentratu gara letretan. Durangoko Azokan adibidez, Hiritar neutrala izeneko abesti bat jo genuen eta horrek letra dauka. Hasieran guztiz instrumentala egiten genuen, baina egia da kontzertuetan hartu-emana handiagoa dela pertsona bat hitz egiten, abesten ari bada. Ideia hori gustatu zaigu eta letrei garrantzia eman nahi diegu. Ohituta gaude letrekin abestiak egitera eta ateratzen zaigun zerbait da.

Zazkel taldetik zatozte, nolakoa izan da trantsizioa?

-Oso naturala. Urtebete baino gehiago igaro da Zazkel utzi genuenetik. Taldearen ibilbidea amaitu aurretik ere hasi ginen Oskar eta biok musika elektronikoarekin amesten, laborategiak egiten eta bat amaitu zen bezala hasi zen bestea. Ezin eduki eskuak geldi, eta gure musikarekiko adikzioak honetara ekarri gaitu. 

Estilo aldaketa izan da. 

-Barnean bagenuen zerbait probatzeko beharra. Musikari dagokionez, armairutik ateratze moduko bat izan da. Zazkelen bakoitzak bere gustuko estiloak genituen, bateria punkiagoa, beste bat metaleroagoa eta abar. Denok batuta sortu genuen Zazkel, eta Oskar eta biok sintetizadoreen maitaleagoak gara, elektronika zaleagoak. Hala, bata bukatzerako sortu genuen bestea, modu naturalean.

Behin sortuta, zein ardura dauka zuetako bakoi-tzak?

-Abestiak nik egiten ditut, konposatu eta ikerketa eta sormen lana egin. Oskar gehiago arduratzen da aspektu teknikoaz: zein sintetizadore erabil daitekeen, nolako soinu mota egin behar dugun... Ingeniaria da eta mundu errealaz edo teknikoaz arduratzen da. Elkarren osagarri gara.

Bost abesti dituzue, zuzenekoetan, baina, gehiago jotzen dituzue?

-Kontzertuan diskoko abestiak jotzen ditugu, baina baita beste abesti batzuk ere. Agian, aurreragoko lanak egiteko edo argitaratzeko balioko dute. Bertsio batzuk ere baditugu, Zazkelen bat, adibidez. Denbora tarte duin bat osatzen dugu kon-tzertu bat emateko. 

Nolako harrera izan dute kontzertuek?

-Oso ona. Eszenatokitik begira, modu hotz batean begiratzen duzunean jendearengan jartzen duzu arreta, eta jendea ondo pasatzen ari dela ikus dezakezu. Martxan daudela konturatzen zara, dan-tzan, nahiz eta abestiak ez ezagutu, eta hori seinale ona da.

Dantzagarria bada. Ze publikorentzat?

-Publiko guztiarentzat agian ez da izango. Helburua ez da ahalik eta jende gehienarengana iristea, baina saiatzen gara zerbait atsegina egiten. Egia da musika elektronikoa dela eta honek bere mugak dituela. Estilo jakin batzuetako jendea seguruenik ez da gugana hurbilduko.