Gero eta ohikoagoa da lurraldeko bideetan patineteak, bizikletak eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuk ikustea. Hori dela eta, Sestaoko Udalak gailu horien erabiltzaileei zuzendutako gizalegezko kanpaina bat abiaraziko du. Gaur goizean Mugikortasun eta Garraio zinegotzi den Arrate Azcáratek hirian zirkulatzeko oinarrizko arauak gogorarazteko helburua duen ekimena aurkeztu du.

Zinegotziak hauxe azaldu du prentsaurrekoan: "Pozten gara gero eta jende gehiagok mugikortasun iraunkorraren alde egiten duelako, baina egia da, era berean, zuzendu beharreko jokabide desegokiak ikusten ditugula askotan, eta horregatik bultzatzu dugu kanpaina hau, bide publikoa erabiltzen dugun pertsona guztien arteko segurtasunaren eta bizikidetza adiskidetsuaren aldeko apustu gisa".

Mugikortasunaren arloaren aburuz, errespetua da "bizikidetzarako formularik onena", eta, beraz, kanpaina honetan honako helburu hauek ezarri dira:

Lehenik eta behin, Sestaoko bizilagunei jakinaraztea zer erantzukizun dituzten ibilgailuen gidariek, oinezkoek, txirrindulariek eta beste mugikortasun-ibilgailu batzuen erabiltzaileek (patineteak, monopatin elektrikoak...), Sestaoko kaleetan bizikidetza eta mugikortasuna hobetzen lagunduko duten arauak denek ezagutu ditzaten. Bigarrenik, arau horiek finkatzea lehendik ezagutzen zituztenei. Eta hirugarrenik, Sestao kokatzea mugikortasunari buruzko arau horiek gauzatzen eta aplikatzen dituzten udalerrien artean.

Hainbat ekintza bilduko dituen Kanpaina honen leloa hau da: "Errespetua elkarbizitza da. Ibili Sestaotik segurtasunez ", eta sustatzen dituen mezuen artean, nabarmentzekoak dira egiten diren eskariak, besteak beste, semaforoaketa trafiko-seinaleak errespetatzeko, segurtasunagatik kaskoa erabiltzeko, espaloietan ez ibiltzeko, telefono mugikorren distrakzioak saihesteko eta oinezkoak errespetatzeko.

Egingo diren ekintzen artean, kanpainaren helburu diren hartzaileak protagonista dituzten kartelak nabarmendu behar dira. Gainera, udalerri osora heltzeko moduan, banderolak jarri dira 25 farolatan, eta biniloak itsatsi espaloietan, jendeak maiz igarotzen dituen 20 gunetan. Horrez gain, informazio-liburuxkak banatu dira formatu fisikoan eta digitalean (binilo, banderola eta kartelen hegaletan ikus daitekeen QRaren bidez). Garraiobide jasangarriago horien erabiltzaileen segurtasuna eta ikusgarritasuna indartzeko, oihal islatzailezko motxilak ere banatuko dira.