Txikitako brillantinadun kromoak gogoratu ditut bat batean. Neskak paper zatitxo trokelatu haiekin ibiltzen ginen jolasean. Mahai batean edo lurraren gainean jartzen genituen kromoak eta eskuarekin kolpea ematen genien ahoz gora jartzeko asmoz. Buelta ematea lortuz gero, gure sari bihurtzen ziren eta latoizko kutxatxoetan gordeta eramaten genituen poz-pozik etxera.

Irabazi edo galdu, asmatu edo huts egin, altxatu edo berriro erori... Bizitzan gertatzen zaiguna kontrolatzeko ditugun aukerak garai hartan paper txiki haien hegaldia kontrolatzeko genuenaren antzekoak dira. Orduan, egin beharreko apustuaren balioa kontrola genezakeen (adibidez, brillantinazkoak jokoan jartzen bagenituen, baliotsuenak, edo ez); eskua barrutik husteko modua kontrola genezakeen (batzuek esku-ahurrean bentosa bat zutela zirudien); indarra neurtzen saia gintezkeen (kolpea ez zen indartsuegia izan behar, ezta leunegia ere). Hori guztia kontrola genezakeen, baina ezinezkoa zen aurretik jakitea zein izango zen paper zati haien portaera, lurretik altxatuko ziren ala ez. Kolpea eman eta zain geratzea beste aukerarik ez genuen.

Bizitzan ere ezin dugu kontrolatu gertatuko zaiguna, eta batzuetan denbora gehiegi galtzen dugu ukitu ezin dugun buztina moldatu nahian. Ahaztu egiten dugu gure esku dagoen gauza bakarra kolpe onena ematea dela, trebetasun handienarekin, entrenamendu egokienarekin eta ahalik eta asmo onenarekin. Hortik aurrera, fedea ez galtzea eta itxarotea dira gure egitekoak. Gure ahaleginaren emaitzari itxarotea, besterik ez.

Suposatzen dut gaur antzeko egoeran daudela bihar hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdi politikoak. Efektu kolpe onenak ematen saiatu dira gu konbentzitzeko, baina orain herritarren ahotsa eta erabakia entzuteko unea heldu da eta alderdiek itxarotea besterik ezin dute egin. Isilik eta errespetuz itxarotea tokatzen zaie, orain herritarrak baitira haien boto-paperak lurretik altxatzea ala ez erabaki behar dutenak.