Gaurko zutabeak ez dauka zerikusirik Rh faktore negatiboarekin, ez eta biologiarekin, ez aldez, ez moldez. Ez dauka zerikusirik hamaika abizen euskaldun edukitzearekin edo etorkinen seme-alabak ez izatearekin. Izan ere, gene hori Euskal Herri penintsularrean (eta kontinentalean) jaiotzearekin dago lotuta. Itsasoz haraindi jaioa izanagatik ere, urte batzuk berton ematea nahikoa da euskal gene hori etorrikoei ere itsasteko. Labur esanda: euskal gene berri hau, covida legez, aireak dakar, aireak daroa. Hauxe da euskal gene honen definizioa: euskal herrietan denbora jakin bat ematearren zenbait langintza egiten galarazten duena.

Euskal gene hau jatorrizkoa edo eratorria izan daiteke, baina, aldaera batean zein bestean, hark sortzen dituen ondorioak berdinak dira. Ikus dezagun: ez da ziurra gunerik euskaldunean ere tabernari euskalduna topatuko dugunik. Gehienak itsasoz haraindikoak dira, Cervantesen hizkuntza ederrean ederto dakitenak. Jakina, euskaraz dakitenek ezin dute tabernari legez beharrik egin. Euskal gene horrek ondorio bera sortzen du agure eta atsoen zaintza egiteko. Izan ere, gure aurrekoak zaintzen dituzten gehien-gehienak beste kontinente batekoak dira. Kale-agerraldietara azalduko dira batzuk zaintza eskubidea dela aldarrikatzeko. Nik dakidala, sekula ez da eskubide izan azken hogeita hamar urte arte behintzat. Gaur egun, ostera, edozerk balio du... baldin eta nork bere sakelatik ordaintzen ez badu, jakina.

Euskal gene horrek eragina du beste arlo eta inguru batzuetan ere; esate baterako, euskal herrietako basoetan behar egiten dutenetarik zenbat dira berton jaiotakoak?, zenbat dira kanpotik etorritakoak?, zenbat, geroago eta gehiago geroago eta toki urrunagoetakoak? Eta zer jazotzen da itsasontzietan, zenbat tostarteko dira berton sortukoak, zenbat beste kontinente batzuetatik datozenak? Zenbat euskara entzuten da euskal baso-itsasoetan? Ez lehen beste, ez eta hurrik eman ere. Eta euskal gene hau geroago eta kutsagorragoa da.