PSOEk eta Sumar-ek bat egin dute Voxekin Espainiako Parlamentuan berreskuratze eta eraldaketa ekonomikorako proiektu estrategikoak bertan behera uzteko. Ulergaitza. Europar funtsak galtzeak ez ei dakarkie ezein ardurarik. Eurek hilaren azkenetan kobratzen duten bitartean… Zein erraza den “aurrerakoia” izatea Versaillesko jauregiko karraju eta aretoetan zehar dabiltzala, txiroen alde berba dagitela eskuan txanpan-kopa bat dutela, eurek aldean daroaten jantziak txiro horien hilabeteko gosea kentzeko lain balio duela. Niri soldata ordaintzen didatenak txarto bizi direla, estu-estu dabiltzala, niri… bost. Nik bizuma, txartela eta dirua xahutzeko asma daitezkeen gailu “guai” guztiak eskura ditudan artean… besteen arazoek… nori diote? Eta horrela dabiltza inoren dirua erabiltzen eurek euren dirua euren buruarentzat darabilten artean.

PSOEk uste eta aldarrikatzen du PPk boteretsuen eta aberatsen alde jotzen duela, Vox eskuin muturra dela… PPko baten aburuz, PSOEk Espainiaren aurka jotzen du… Voxeko batek badio PSOEk Espainia saldu nahi duela eta abar. Geroenean, aspaldiko esaldia etorri zait gomutara: ez dago espainiar ezkertiar baten gauza berdinagorik espainiar eskuindar bat baino eta alderantziz. Baliteke hori espainiarren artean jazotzea, eurek ez dutelako muinean ezer galtzeko arriskurik; ostera, euskaldunok ezin dugu horrelako arriskurik hartu, gu txikienak garelako borroka latz honetan, guk ezin dugulako errakuntzarik egin, gu erratuz gero, azkena datorkigulako.

Geometria aldakorra: norberak aitortu nahi ez dituen nahi ezkutuak eta interes ez-zilegiak, nork bere burua zuritzeko asma ditzakeen estakuru edo aitzakia guztiak… okerreko bidetik dabiltzanek txarkeria guztiak ostendu edo kukutzeko erabili nahi dituzten tresna edo lanabes guztiak… ez ote dira nork bere aurpegia ispiluaren aurrean ez jartzeko dituen eskuarteak? Azken batean, geometria aldakorra ez ote da nork bere lotsariak zuritzeko erabili ahal duen azken baliabidea?