FARTSANTE batzuk dira politikari zenbait, pertsonak erdigunean jartzen dituztela esaten dutenean. Agian intereserako pertsona batzuk bai, enpresariak, banketxetako nagusiak, oligopolioaren maisuak,…. Baina kaletarrak, hilaren amaierara iristeko gorriak ikusten dituzten langileak, erabat isolaturik eta desesperaturik bizi diren zaharrak, gaixotasun terrible batek eraginda bizitza modu larrian pasatzen ikusten dutenak,… agian horixek ez dira hain garrantzitsuak.

Aurreko astean deigarria iruditu zitzaidan albiste bat. ELA gaixotasuna duen Juan Carlos Unzue futbolari ohiak Kongresuan egin zuen agerraldi bat ELAk jota dauden gaixoentzako legea behingoz onar dadin eskatzeko. 2022ko martxoan aho batez onartu zen lege-proposamena izapidetu gabe geratu da, eta ez du aurrera egiten. Eskaria oso sinplea da: ELA duten pertsonei bizitza duina bermatuko dien araudi bat ezartzea.

Bada, agerraldi horrek ez omen zuen behar besteko interesik sortu, eta bertan bost diputatu baino ez ziren agertu. Bost. Berak esan zuen bezala, “gainerakoek zeregin garrantzitsua izango dute”. Diputatuen axolagabekeria hori oso deigarria da.

Asmo onak eta hitz politak bere horretan geratzen dira beti, baina denborak berdin egiten du aurrera, eta gaixo batzuk denbora hori galtzen ari dira inolako zaintza eta laguntza berezirik gabe, erabat abandonaturik.

Gaixo horiek duten desanparoaren haritik tiraka, Ayuso estrafalario mamala etorri zitzaidan akordura. Madrilgo Erkidegoko presidenteak pandemiaren garaian zaharren egoitzetan egindako kudeaketa txarrarengatik kritika ugari jaso ditu, eta berak modu lotsagarrian gezurrak eta datu zehatzik gabeko lerro-buruak haizatu ditu aurrean duen arazoari iskin egin nahian.

Bada, bere burua defendatzeko asmoz, eta betiko etikarik ezarekin, hitz barkaezinak bota zituen batzar batean: “Adineko pertsona bat larriki gaixo zegoenean, garai hartako birus-kargarekin, ez zen inon salbatzen”.

Hortaz, hilko zarete guztiak, orduan zertarako laguntzarik eskaini? Hori da emakume soziopata horren argudioaren astakeria.