GAZAN hildakoak 25.000 dira hau idazten ari naizen bitartean. Hedabideek diote. Izugarriagoa izango da hurrengo astean hildakoak 25.174, adibidez, direla entzutea, baina badirudi zenbaki biribilak deigarriagoak zaizkigula. Mingarriagoak? Urritik hona denak okerrera egin du. Argi izpi bakarra Hegoafrikak piztu zuen salatu zuenean Nazioarteko Justizia Auzitegian Israelek Gazan egindako sarraskiak genozidio izaera izan dezakeela. Une hartan Netanyahu jaunak atzera-edo egin nahi izan zuen, adierazpenetan behintzat, baina betiko bidera itzuli da berehala Palestinako Estatua ez duela inoiz onartuko errepikatu duenean. Orain Europako Batasunak hamabi puntuko plana aurkeztu behar du “gatazkari irtenbide sinesgarri eta osoa emateko”. Tira, Europako Batasunak egiten dituen gauza horiek. Aldi berean, Europak militarrak bidaliko ditu Itsaso Gorrira, gure hornidurak arriskuan daudela, aizue. Bide batez, urrian ez zegoen Itsaso Gorririk hedabideetan.

Beharbada, hilabeteak eta urteak igaro eta gero, Palestinako Estatu bat egongo da, baina zaila ikusten dut benetako estatu bideragarria eratzea Estatu Batuek baimena ematen ez badute. Palestinako Estatu hori Gazak eta Zisjordaniak osatu beharko lukete, bi eskualde horien arteko komunikazioa ziurtatuz, hiriburua Ekialdeko Jerusalenen kokatu eta lurraldearen gaineko agintea palestinarren esku utzi; badira beste xehetasunak: Gazan portua eraiki, Israelen eta Palestinaren segurtasuna bermatu, aginte palestinarra nola eratu eta abar. Ez dakit. Israelek eta Estatu Batuek hamaika oztopo jarriko dute, eta azkenean palestinarrei sasi-estatu bat geratuko zaie kasurik onenean.

Zer egingo dute Gazan diplomaziaz arduratzen direnen joan-etorriak ugaltzen diren bitartean, zer prestaketa-bilerak eta goi-bilerak antolatzen diren bitartean, zer su-etena (behin-behinekoa, noski) iristen ez den bitartean? Gaizki bizi, agian tartean laguntza humanitarioa heltzen bada egun pare batez apur bat gehiago jan eta hil. Hiru hilabete barru hildako kopurua horrenbestekoa edo hainbestekoa dela berriro idazteko.