hauteskunde batzuen inguruabarrean, ez da lehenengo aldia hedabide eta iritzi-hedatzaile jakin batzuen nahiak betetzen ez direna. Diru publikoa erabilita, funts txikiko azterlanetan denbora ematen duten unibertsitateko zenbait irakaslek, beharbada, noizbait aztertu beharko lukete gero eta ohikoagoa bilakatzen ari den gertakaria, Demokrazia gatibu hartu nahi eta arazoak neurririk gabe puzten eta manipulatzen saiatzen diren, eta, esaten dutenez, alderdien menpeko ez diren sasi-esatari zein bestelakoen eraginarena, hain zuzen.

Ez dut ulertzen baten batzuek erakusten duten herra eta frustrazioa EAJ alderdiak hauteskundeak irabazten dituen aldiro… Eta, horren kritiko izanda, erakusten duten epeltasuna, edo otzantasuna hobeto esanda, beraien sokakoek gobernatzen dituzten herri-erakundeez aritzen direnean. Arrazoi osoz zioen EAJko herri txiki bateko alkate batek adierazi zuenean, bera zegoenean, batzuen aldetik dena zela ezinegona, presioa, aldarrikapena eta mobilizazioa, aitzitik, udal gobernua kolorez aldatzean, ez zegoela halakorik, lekuko hartzaileek arazoak bere horretan eta lanerako ideia eta gaitasun falta nabaria erakutsi arren. Akaso, batzuen arazoa da ez dakitela demokrazian, ez eta aniztasunean bizitzen ere.

EH Bilduk alderdiaren interesak jarri ditu herritarren zein Aberriaren interesen aurretik! Espainian, alderdi sozialistak homologatzearen eta zuritzearen truke, denak erraztasunak izan dira, erabakitzeko eskubidea eta antzekoak ahaztera iristeraino. Nafarroan beste horrenbeste. Ez da tokatzen! Ez da komenigarri, areago, abertzaleak ez direnen eremuan arrantzan egin nahi denean. EAEn, aldiz, dena izan da erreparoa, salaketa, mobilizazioa eta herritarren ezinegona sustatzea. Egunen batean, maila goreneko ardurak hartzera iristen badira, konturatuko dira pazientzia historikoaren kontuak ez daukala inolako ibilbiderik. Herritar gehienek erantzunak eta erantzukizunak eskatuko dituztelako, Gipuzkoan edo Donostian eskatu zituzten bezala.

EAJ alderdiak irabazi ditu hauteskundeak eta inoizko kontrako giro antolatuenari eta indartsuenari aurre egin behar izan dio. Orain, herritarrek emaniko babesa eta, babes hori ematera iritsi ez direnen borondateak, behar dira ondo kudeatu, apaltasunez, prestutasunez, hurbiltasunez eta eragingarritasunez. Ez dago lokartzerik! Espabilatu beharra dago, interes pertsonalak baztertuta, teknikoki eta politikoki prestatuen daudenak ardura postuetan jarriz, lan eginez, arazoei helduz, irtenbideak emanez eta ondo komunikatuz. Gobernantza ereduan behar dugu sakondu, herri erakundeak bizkortu, arinagoak bihurtu eta herritarren zerbitzura jarri behar ditugu urrundu ordez.

Sinetsita nago EAJ alderdiak ziklo berriari gogotsu helduko diola eta daukan onena eskainiko diola gure herriari, Aberriari, orain arte egin duen bezala. Hor ere badaukagu zer pentsatu, berrasmatu, egokitu, birdefinitu eta eraginkor bihurtu… Baina denon ahaleginak tarteko, kritiko azaltzen direnak barruan direla, asmatuko dugulakoan nago.