etxebarriako Aulesti auzoko Bengoetxeatarren etxeko armarrian ageri den idazkunak azpimarratzen du, besteak beste, zailtasunak zailtasun, txikiak handia garai dezakeela. Hori bai, horretarako ezinbestekoa da asmoz eta jakitez jardutea eta, gure txikitasunaren mugen jakitun, ausardiaren, kemenaren, adorearen zein konpromisoaren heldulekuak baliatzea. Nago herri txiki batek handia(k) garaitzeko ez daukala beste biderik hiru hitz horiek kontuan izatea baino. Halaxe barruratu zuten gure aurrekoek, behin foruak galdu zirelarik, herri gisa irauteko bide berriei ekin zietenean. Gaur, ingurura begiratzea baino ez da behar aurrekoen sorbalden gainean nora iritsi garen antzemateko!

Dena egiteko zegoen sasoian, baliabide urriagoak genituenean... Eta inertziak, debekuak zein gutxiespenak mugiarazteko gogoa eta kemena berriz bizi-bizi genituenean, egungo gizarte modernoaren zimentarriak ezarri genituen. Anbizioa eta etorkizuneko ikuspegia geneuzkan, autogobernua oinarritzat, egungo ongizate gizartea eraikitzen lagundu dutenak. Nago gaurko belaunaldiek ez dutela guk adina estimatzen ia denon artean lortu duguna; akaso, ongizate maila horretara iristeko sakrifiziorik ez dutelako egin behar izan; beharbada, egiten eta ekiten ahalegindu garenok ez dugulako azaltzen jakin zer-nolako ahalegina eskatu duen ekinak.

Gure autogobernua estatuan den autogobernurik osatuena da. Horretara iristeko etengabe egin behar izan da lan, estatuko ikuspegi zentralista duten ezkerreko zein eskuineko alderdien gainetik, bai eta autogobernua gutxietsi duen eta eguneroko herrigintzatik at gotortu den ezker abertzalearen azpitik ere. Azkenen kasuan, nahikoa bitxia da, erreferente propioen faltan, Jose Antonio Agirre lehen Lehendakaria erabiltzeko saiakera. Lehen Lehendakariaren pentsaera humanista eta politikoa eta ezker abertzalearen iragan historikoa zein egungoa uztartu ezin diren bi mutur dira. Auzo lotsa eragiten du pertsonak halaxe erabiltzen saiatzeak, horrek erakusten baitigu eskrupulorik ez dutenak noraino iristeko prest dauden! Hala berean, sasoi batean Eusko Jaurlaritzan sailburu izan ziren gutxi batzuek ezker abertzalea babesteak beste irudi bat ere erakusten du, ezker abertzalea eraikitzen baino desegiten jarri zituela indarrak. Horrexegatik ez dauka sailburu bakarra ere argazkian. Dena dela, mota bateko jendeak besteekiko erakusten duen jarrera eta gaitasun kritikoa etxe barruan aplikatuz gero, koherentea balitz, orduan bai, abiapuntu horretatik bai abia gaitezkeela, auzolana berreraikiz, gure artean sortutako pitzadurak eta etenak josiz. Gaurko eta biharko euskal gizarteak denon ahaleginak eskatzen ditu!

Zinez uste dut abertzaletasun historikoak ilusioa berreskuratu behar duela eta indarrak batu behar dituela egitasmo ireki, partekatu eta inklusibo baten inguruabarrean. Iraganari begiratu behar diogu, ondo egindakoak balioan jartzeko eta azpimarratzeko, eta, gaizki eginikoak onartu eta onbideratzeko. Kontratu sozial berria aurkeztu behar diogu euskal gizarteari, anbizioa barruratzen duena, ilusioa pizten duena, berritzailea dena... denok helburu berrien bila indarberritu eta jarriko gaituena. l