Asteon garrantzi handiko ekintza egin da Espainiako Kongresuan, Leonor Asturiasko printzesak konstituzioaren zina egin du eta. Azpimarratzekoa da Espainiako erakundeek, bereziki, monarkiak berak, herritarren atxikimendua lortu guran, egin duten ahalegina. Saiakera horrek goia jo du Espainiako Festa Nazionalaren egunean, bai eta Leonorren zinaren inguruabarrean. Zinarekin monarkiaren jarraitutasuna irudikatu nahi da, belaunez belaun transmititzen den katea agerrarazi nahi da, bai eta Espainiako batasunaren iraupena ere. Aitzitik, ekintzak berak estatu ereduaren krisia irudikatu du, nazio historikoetako ordezkaritza zabal batek Kongresuan egoteari uko egin dio eta.

Estatuak iruditeria eguneratzeko demaseko ahalegina egiten dihardu. Sasoi bateko Arrazaren eguna, gerora, Hispanitatearen egun gisa bataiatua, eta, egun, Festa Nazional deitutakoa izan dira eboluzio horren adibideetako bat. Garai bateko harrokeria leundu nahi izan da, funtsean, kontu bera aldarrikatzen bada ere: nagusikeria eta bestelako lurralde eta gizataldeen mendekotasuna. Urriaren 12a bi munduen arteko topaketaren antzera saldu nahi izan da, gertaerak gizatalde ugari desagerraraztea, konkista, esklabutza eta baliabideen neurriz kanpoko ustiapena ekarri zituenean. Azkenaldion, historia hori ere berridatzi nahi da. Hala berean, estatu eredu zaharkituaren ardatzetako bat, monarkia bera ere behar da zuritu eta aldeztu.

Ez da egia monarkia printzipio demokratikoekin lotuta dagoen kontua dela. Alfontso XIII.a, errege emerituaren eta egungo erregearen senidea, hain zuzen, izan zen joan den mendean, altxamendu militar ugariren sustatzailea. Hala berean, altxamendu frankistaren hastapenetan monarkiak bere alde ere jardun zuen eta monarkiaren zaleak diktadura mantentzearen habeetako bat ere izan ziren. Hala berean, ikertu gabe segitzen du 1981eko otsailaren 23an errege emerituak izan zuen esku-hartzea, bere hurbilekoek parte hartu baitzuten egun horretan gertatutako Estatu Kolpean.

Ezin oinarri demokratikorik izan belaunez belaun, familia bateko oinordeko izatearren transmititzen dena, ez eta legearen gainetik dagoena ere. Izan ere, Espainiako alderdi nagusiek, maila instituzionalean zein, are larriagoa dena, pribatuan, erregeak berak zein zenbait oinordekok egiten dituztenengatik erantzutetik salbuestea erabaki zuten. Estatu honetan legearen aitzinean denok berdinak garela aldarrikatzen denean, estatuko buruzagitza da printzipio horretatik aldentzen dena. Horrek guztiak ahalbidetu du, besteak beste, errege emerituaren jokabidea, inolako ondoriorik ekarri ez diona.

Monarkia horren da herritarren iritzien beldur non estatuak berak erabaki zuela herritarrei ez galdetzea erakunde horri buruz zer pentsatzen duten. Ez da komeni herritarren iritziak jasotzea. Ondorioz, herritarren iritzirik gabe, estatua desegitearen beldur diren estatuko alderdi nagusien adeitasunarekin eta legearen aurrean inolako mendekotasunik ez duela segitu nahi du… Baina egitura zaharkituek ez dute etorkizunik, mendekotasunean ardazturiko gainegiturek ez duten bezala, sekulako marketina egiten saiatu arren.