Hainbatetan esaten eta gogorarazten den kontua dugu euskararen biziberritzea pentsatzen ez genuen egoerara iritsi dela; ez, ordea, desiratuko genukeenera. Baieztapen horren azpian dago, itxura batean, duela zenbait hamarkada ez genuela uste horrenbeste aurreratzeko gauza izango ginenik, eta, aldi berean, oso urrun gaudela euskararen erabateko normalizazioa erdiestetik. Euskararen biziberritzeak etengabeko ahalegina eskatzen du, engaiamendua eskatzen du herritarren eta askotariko elkarte, erakunde zein gizarte-eragileen aldetik. Euskararen aurrerakada itzulezina dela eta, besterik gabe, inertziaz, aurrera egiten segituko duela uste izanez gero, ez dago aurrerabiderik!

Duela zenbait aste, Espainiako Gorteetan, parlamentariek gaztelaniaz gain bestelako hizkuntzetan jardutea izan dezaten gertatu zen eztabaidak eta, hainbatek adierazitako jarrerek, zenbait kontu uzten dute agerian. Lur eremu batzuetan ofizialak diren hizkuntzekiko gutxiespena eta, estatuko hizkuntza bakarra, denok elkarri entenditzeko ezinbestekoa dena, beste ezaugarri batzuekin batera estatuko batasuna irudikatzen duena, gaztelania dela. Horrela, halako asimetria moduko bat ezarri da, non gaztelania hizkuntza nagusia den eta gainerako hizkuntzak, maila apalago batean, hizkuntza nagusiaren tokia zalantzan jartzen ez duten neurrian, kontuan hartzekoak diren, besterik gabe. Hizkuntza bakarra eta estatu bateratua lotzen dituen ikuspegia ez da gaurkoa, gutxienez, Frantziako Iraultza frantsesetik hona datorren estatu ereduaren kontua da eta horrek esplikatzen du, hein handi batean, sasoi batean nagusiak ziren hizkuntzen gainbehera, hala Frantzian nola Espainian.

Estatuko alderdiek izan dute sentiberatasun hori, ezkerrekoak, eskuinekoak edo eskuin muturrekoak izan. Orain, beharrak eraginda, ez konbentzimenduak, alderdi sozialistak erabaki du Gorteetan aldaketa babestea... baina segitzen du, besteak beste, hemen, euskararekiko halako kautelazko, errezeloz betetako mezuak zabaltzen eta neurriak hartzen. Gurean, egoerarik zailenean dagoen hizkuntza euskara da gaur, euskaraz bizitzeko traba gehien dutenak euskal hiztunak dira, halabeharrez elebidunak. Ondorioz, zer hizkuntza erabili hauta dezaketenak elebidunak dira, ez erdal elebakarrak. Eta bizikidetza ezin da eraiki elebakarren eskubideak gainjarriz, ez eta ezagutza eza ardatz nagusitzat hartuz ere.

Estatu-ikuspegia duten sindikatu batzuen ekina dago epaitegietan euskararen kontra hartu diren erabaki batzuen atzealdean. Sindikatu horiek herritarrek herri-erakundeetan lan egiteko duten ustezko eskubidea lehenestea eta, euskararen jakintza, lanpostu publikoetan jarduteko eskakizuna den neurrian, ezabatzea eskatzen ari dira. Sindikatu horietako langile elebidunen iritzia, baina, zein da? Euskara ikasteko edo trebatzeko ahalegina egin duten gainerakoena? Sindikatu batzuen zuzeneko edo zeharkako ahaleginari ultraeskuindarrena gehitu behar zaio. Horiek ez dute euskarak, katalanak, galegoak eta bestelako hizkuntzek presentziarik izaterik ere nahi... Eta oldar horiei guztiei gehitu behar zaizkie historikoki euskararekiko inolako sentiberatasunik erakutsi ez duten epaileen erabakiak, epaietan Konstituzio Epaitegiak hartutako erabakietatik haragoko komentario iraingarriak, iruzkinak eta interpretazioak egitera daramatzana.

Euskararen inguruabarrean egon den adostasuna zalantzan jartzen ari da, gizartean ez dagoen eztabaida jite kezkagarria hartzen ari da, euskararen biziberritzea arazo bilakatu nahi da. Hala berean, nago eztabaida hori gainditzen eta adostasun berriak erdiesten ez duela laguntzen euskara, eremu politikoan zein sozialean, patrimonializatu nahi dutenen jarrera. Inoiz baino beharrezkoagoa da euskara denona eta denontzat dela aldarrikatzea eta askotariko borondateak, ez abertzaleenak bakarrik, biltzea euskal hizkuntzaren biziberritzeari bultzada berria emateko.