Zibilak helburutzat hartu dituen Hamas talde terroristaren erasoaldiaren ondoren, Israelen neurririk gabeko eta erabateko erantzuna etorri da. Milaka dira hildakoak eta, hainbat gehiago, lekualdatuak, lehenago zaila zen palestinarren egoera are gehiago zaildurik. Badirudi bi aldeetako bat zeharo suntsitzen den arte auziak ez duela amaierarik izango. Izan ere, Bigarren Mundu Gerran gertatutako holokaustoaren ondoren, judutarrei, erreparazio gisa edo, britaniarrek menpean zuten lurralde-eremuan finkatzeko aukera eman zitzaien. Horren aurretik, juduen migrazio ugariak gertatu ziren, Palestina helburutzat zutenak. Horrek guztiak bertan bizi ziren arabiarrak lekuz aldatzera behartu eta baztertu zituen. Autuak goia jo zuen mendebaldearen, bereziki, Ameriketako Estatu Batuen babesa tarteko, Israelgo estatua aldarrikatu zenean eta arabiarrek estatu berriari gerra deklaratu ziotenean.

Estatu berria, mendebaldearen asmakizuna omen, behar zen suntsitu. Arabiarren koalizioak gerra galdu eta Israelek bizirik iraun zuen. Harrezkero, ezegonkortasuna da nagusi eremu horretan. Israelgo estatua suntsitzeko ahaleginetan segitzen dute batzuek, eta dezaketen bakoitzean eraso egiten dute. Israelek, bestetik, halako hesi bat eraiki du palestinarren garapena ezinezko bihurtu duena, txirotasuna hedatu eta bizitzeko baldintzak eskastu dituena. Bi dinamikak dira amaierarik gabeko gatazka hau elikatzen ari direnak… eta zuztarretara jo beharko da irtenbide duin eta iraunkorra bilatu nahi izatekotan.

Palestinarrek estatu propioa izateko eskubidea dute, judutarrek estatu propioa izateko eskubidea duten gisan. Horixe da nazioarteak ahalbidetu beharko lukeena. Horrek, ezinbestez, lurraldea partitzea eta, guztien aldetik, lurralde bakoitzeko aniztasuna aitortzea eta babesteko neurriak hartzea galdatzen du. Gatazkak ez dauka irtenbiderik Israelgo estatua suntsitzea beste helbururik ez badago eta… Israelek ez du inoiz segurtasunik erdietsiko palestinarrek irauteko, garatzeko eta gainerako herrien plazan bizitzeko esperantzari uko egin behar badiote, bi-biak baitira konponbidearen txanpona osatzen duen bi aldeak.

Hamasen jarduna kritika daiteke, Israelen erantzuna ere bai… Gertaeren atzealdean, inguruko herrialdeen zein bestelakoen interesak ere aipa daitezke. Baina ez dezagun ahaztu, gizarte zibila da sufritzen eta hildakoak izaten ari dena, herritarrak dira setakeriak eta fundamentalismoak gatibu hartu dituena. Nazioarteak gehiago egin dezake, are gehiago, orain arte ez bezala, kezka eta dolua azaltzetik harago.