Hauteskundeetatik hona arretaz segitu ditut Alderdi Popularreko buruzagiak inbestidurara iritsi arte egin dituen urratsak, bai eta inbestidurako saioa bera ere. Norbaitek politikaren eta herritarren arteko etena irudikatzeko adibiderik behar balu, egunotan izan du, zentzurik latzenean eta gordinenean. Beharbada, Alderdi Popularrak ez zituen jasotako emaitzak espero. Akaso, gobernua eskuin muturrarekin eratzeko eran egon zitekeela itxaroten zuen, hainbat udalerritan eta erkidegotan egin duen bezala... Kontua da apustu hori ez zaiola onik atera eta, gainera, eskuin muturrarekiko mendekotasunak bakardadera kondenatu duela. Isolamendura, sostengatzen dituen printzipio atzerakoiengatik, bai eta jarrerengatik eta demokraziaren zimentarriak desegin nahi izateagatik ere.

Nik, behintzat, ez dut gobernu programarik antzeman. Herritarrei aitortutako eskubideak ezerezean lagatzea, aniztasuna ezabatzea eta lurraldetasunaren arazoari zigor kodea baliatuz erantzuteko nahia ikusi ditut, ez besterik. Alderdi Popularrak ez du, oraindik, inolako erantzukizunik hartu, autokritikarik egin, Katalunian gertatutakoaren gainean. Bera izan zen, alderdi sozialistaren sektore bat bidelagun zuela, herritarren gehiengo zabal batek erreferendumean onetsitako estatutua epaitegietara eraman eta kimatu izanaren erantzule. Estatuko alderdi nagusiak izan dira lurraldetasunaren arazoari irtenbiderik eman ez, ateak parez pare itxi eta aukera oro ezerezean lagatzearen arduradun nagusi... eta hortik tentsioak eta gatazkak besterik ez dira sortu, aldarrikapenei entzungor egin zaielako eta aurrera egiteko aukerarik txikiena ere eman ez zaielako.

Estatuko alderdi nagusiek ez dute beste aterabiderik lurralde arazoari behingoz heltzea baino. Ez dute beste aukerarik estatu eredua eraldatzeko urratsak egitea baino, erkidegoen, bereziki, nazio historikoen, eta estatuaren arteko harremanak erabat asimetrikoak izan direlako. Estatuak akordioak nahierara gauzatu ditu, hainbatetan, ez du emandako hitza bete edota adostatutakoen gauzatzea etengabe geroratu du. Horixe da gertatu dena, eta ezinegona eta etena sorrarazi ditu. Estatuko alderdiak ageriko kontraesanean bizi dira. Ohartu dira Europako erakundeetan egoteak gero eta gehiago mugatzen duela estatu bakoitzaren jarduna, burujabetza, bereziki, eremu ekonomikoan, bai eta bestelako politikei buruz ari garenean ere. Aldi berean, Europa aitzakia bilakatzen ari da zentralizazio prozesu bizkor bati ekiteko eta erkidegoen eskumenak etengabe higatzeko.

Estatuko alderdi nagusiek, ezkerrekoek zein eskuinekoek, XIX. mendeaz geroztik barruratu duten estatu eredua gainditzea beste biderik ez dute. Espainia ez da potentzia koloniala, ez eta hizkuntza, kultura eta nazio sentimendu bateratuak dituen nazioa. Espainiak bestelako errealitateak ere baditu, gainerako herrien, hizkuntzen eta kulturen plazan bizi nahi duten nazioak; ez da oraingo kontua, iraganak, ezabatu ezin den historiak ekarri gaitu hona. Kontua da aitortza horretatik bizikidetza antola ote daitekeen, harreman simetrikoak eraiki daitezkeen, inor baztertu barik eta ezerezera kondenatu gabe.