Espainiako Kongresuak ofizialkideak diren hizkuntzei buruz eginiko urratsa garrantzitsua da estatuaren aniztasuna islatzea dakarrelako, bai eta hizkuntza horien prestigioa, ikusgarritasuna eta biziberritzea indartzen lagun dezakeelako. Aspaldiko eskakizuna izan da eta... halako batean, iritsi da, Alderdi Sozialistaren eta Sumarren beharrak eta abertzale diren alderdien ekinak eraginda. Eztabaidak emanikoaz asko hitz egin daiteke, etengabe errepikatzen diren topikoez ere bai! Bi galdera egin dakizkieke kontrakotasuna azaldu dutenei. Batetik, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) 541 parlamentarietatik 102k haien boto emaileekin, ohikotasunez eta normaltasunez, gaztelaniaz hitz egiten dutenez gero, AEBetako hizkuntza erkidea, ingelesa, erabil dezatela eskatuko duten. Bestetik, Espainiako Kongresuan ofizialkideak diren hizkuntzak baliatzea garestia denez eta Espainiako batasuna hausten duenez gero, Europako erakundeetan, non hizkuntza ofizialak dozenaka diren, hizkuntza bakarra, ingelesa, balia dadin sustatuko duten. Eskuinaren enbataren azpian dagoena da kolore bakarreko Espainia ezarri eta aniztasuna errotik ezabatu nahi dutela.

Zinez etsigarria da Espainiako Gobernuak Europan egin duena. Hasteko, badaki Espainiako hizkuntza ofizialak hedatzeko eta biziberritzeko oztopo nagusiak ez daudela Europan, Espainian baizik. Era berean, badaki Europan galegoa, euskara eta katalana onesteko bidea oso aldapatsua dela, besteak beste, erabaki horrek bestelako gutxiengoak, eta batere ofizialtasunik ez duten hizkuntza andana barruratzen duten eta Europako Batasuna osatzen duten estatu guztien onespena behar duelako. Adibide bat jartzearren, Europak Irlandako gaelikoa ofizialak diren gainerako hizkuntzen behin betiko zerrendan jaso zuen iaz, lehenengo onarpena eman eta 15 urte geroago, Irlandak Europako Batasuneko kide izateko hitzarmena izenpetu eta 50 urte geroago, hain zuzen. Horrek ez gaitu eraman behar halako aitortza baten garrantzia gutxiestera; bai, ordea, testuinguruan jartzera. Horiek horrela, prozesua nolakoa den jakinda, Albares ministroa euskara eta galegoa horren bizkor baztertzea eta katalan hizkuntza lehenestea deitoragarria da, guztiak direlako maila bereko eta hiztun guztiek dituztelako eskubide berdinak!

Beharbada, Albares ministroaren amarrua izango da, besteak beste, legegintzaldia babestera deitutakoak sakabanatzeko asmoz egina. Gertatutakoak beste kontu bat islatzeko ere balio du: egun, euskararen auzia ez dago EAJ eta EH Bildu alderdien agenda politikoen aurreneko postuetan. Protagonismo antzuetatik, itxurakerietatik, adierazpen arranditsuetatik, pose edo planta eta pankartetatik harago gure hizkuntzaren biziberritzeak piztualdia behar du, hil ala bizikoa da, unea kritikoa delako. Euskarak herrigintza, auzolana, engaiamendua eta lana eskatzen ditu guztion aldetik. Euskara inor erasotzeko baino gizartea ehuntzeko, desberdinen arteko egiazko auzolanerako eremu bilakatzea ezinbestekoa da, maximalismoetatik... zein egungo konformismotik urrun.

Gehienbat, Osakidetzan lan egingo duten Leioako Campuseko ikasleek BAME edo MIR azterketak gaztelaniaz egin behar badituzte, ez da Europak agindu duelako, Espainiako Gobernua osatzen dutenek halaxe izan dadin nahi dutelako baizik. Euskal kontsumitzaileei hizkuntza eskubideak errespetarazteko heldulekurik ez badago, arazoa ez dago Madrilen, alderdi abertzaleek erabateko gehiengoa duten Eusko Legebiltzarrean baizik, aurtengo udaberrian onetsi delako Kontsumitzaileen Estatutu berria, non herritarren hizkuntza eskubideak urratzen direnean, betearazi ezin diren. Nafarroan, hasteko, eremu ez-euskalduna mistoa bilakatzen ez bada, endredoa ez dago Parisen, Nafarroako Gobernu aurrerakoia sostengatzen duten alderdien lehentasunetan baizik... eta abar eta abar. Bada sasoia biluzteko, miseriak astintzeko eta gure eginahalak bizkortzeko!