DENA galtzen du! Halaxe dio euskal esaera zahar batek eta gehiegizko anbizioak edo askonahiak pertsona galbidean jartzen duela adierazteko erabili ohi da. Halaxe suertatu da PP alderdiaren ekimenez onarturiko Herritarren Segurtasunerako Legea (2015), herritarren artean, Mozal Legea ezizenez ezaguna dena, harira. Izan ere, hiru urteko joan-etorriaren ondoren, indarrean dagoen legea erreformatzeko aukerari ateak itxi dizkio Espainiako Kongresuak, EH Bildu koalizioak eta ERC alderdiak kontrako botoa eman ondoren. Kontua da, ezezko horrek lehengoan utzi duela indarrean dagoen legea, legearen sustatzaileen pozerako eta herritar ororen kalterako.

Norbaitek esan dezake alderdi sozialistak gehiegi luzatu duela lege horren elementurik atzerakoienak indarrik gabe uzteko prozesua eta, orain, hauteskundeak gainean daudela... baina aukerak sortzen direnean probestu behar dira, arazoari izkina egiten, inor mareatzen ibili gabe. Nago, indarrean dagoen legearen 52 artikuluetatik 36 moldatzeko, adostasun sendoa eskuratzea nahikoa motibo direla prozesuari ateak irekitzeko, itxi ordez, horrek aukerak zabalik uzten zituelako itxi gabeko punturen batean ere adostasunera heltzeko. Baina ez da posible izan, hainbatetan horren pragmatiko eta denetarik irensteko gaitasuna dutela erakutsi dutenek, legea indarrik gabe uzteko eskatzetik haratago inolako proposamen idatzirik egin ez duten berberek, nahiago izan dutelako eztabaida erabat itxi, hauteskunde sasoian horretan jardutea baino.

Legea ezerezean uztea, guztiz indargabetzea, ez da posible, zer edo zer egon behar duelako eremu hori arautzen duena. Era berean, gomazko piloten erabilera dela eta, aldaketa bidean zen legeak ez du aipurik egiten eta abar. Aitzakiak aitzakia, PP alderdiak onarturiko legearen xedapenik atzerakoienek indarrean jarraitzen dute, EH Bildu eta ERC taldeei esker. Badakit ezezkoa bozkatu dutenak, beraiena eta ez beste inorena den erantzukizuna besteei leporatzeko joera dutela. Are gehiago, barregura sorrarazten dute Sortukoen adierazpenek, bai eta Mozal Legeaz baliatzeagatik Ertzaintzari eginiko salaketak ere. Dirudienez, Ertzaintzak indarrean dagoen araudia ez du bete behar... Eta hori dio araua bera aldatzea bere esku egon den eta bere horretan uztea erabakitzen duen berberak… Ez dago kontraesan adierazgarriagorik!

Hori horrela, zehapenei proportzionaltasuna ezartzea, baimendu gabeko manifestazioetan parte hartzeagatik isunak ezabatzea, segurtasun-indarrekin ez kolaboratzeagatik zigorrak kentzea, kazetarien lana babesteko neurriak areagotzea, herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko arautegia fintzea, adin txikikoak babesteko neurriak, migratzaileak kanporatzeko orduan muga zehatzagoak eta abar ezerezean geratu dira, hots, lehengoan geratu dira, lehengo eran geratu dira, epe laburrera begira aritu direnei esker! Pentsatzekoa da samurragoak zirela neurri horiek onestea, aurrekontuetan, Koroari, Guardia Zibilari, Espainiako Armadari, CESID eta antzekoei diru-partidak onartzea baino. l