Ostiral honetan goizean, apirilaren 26an, aurkeztu egin dute ekainaren 1ean Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean ospatuko den Kaiola Festibalaren edizio berria. Nazioarteko musika esperimentalaren erreferente den jaialdi honek bere zortzigarren edizioa ospatuko du aurten.

“Nik ere ez dakit zer egingo duten musikariek kontzertuetan”, azaldu du bakantasun hori Aritza Landaluze antolatzaileak. Jaialdi esperimentala izanik, inprobisazioak eta esperimentazioak murgiltzen ditu emanaldiak eta giro berezia sortzen du. “Artista batzuk elkar ezagutzen dute, oso harreman ona dute, eta hori nabaritzen da giroan, adibidez batzuetan euren artean kolaborazioak egiten dituztelako sorpresaz”. Horixe da festibalari dirdira ematen diona eta nazioarteko artista handiak erakartzen dituena. “Adibidez, Ben Vidak Europara etortzea erabaki zuen Kaiolan parte hartzeko!”, dio gustura Landaluzek. Hain zuzen, Lea Bertucci artistarekin egin duen proiektu bereziari Galdakaoko jaialdian emango dio amaiera. Edurne Espilla Kultura zinegotziak esperimentatzearen eta apustu berritzaileen aldeko apustua berretsi du, eta Landaluzek eskertu egin du “proiektu desberdinen aldeko apustua egiten jarraitzea”.

Kontzertuak 20:30ean hasiko dira, ekainaren 1ean, eta ordu erdi lehenago zabalduko dira ateak. Guztira bost kontzertu izango dira. Horietako bi bakarrik arituko dira, beste hiru binaka, eta kontzertu bakoitza nahiko laburra izango da, 45 bat minutukoa, emanaldi batetik bestera “kanpora atera eta arnasa hartzeko tartea” izan dadin. Izan ere, intentsitate handikoa da Kaiola, “mentala eta fisikoa”. Sarrerak salgai daude dagoeneko 15 euroren truke.

Hauek izango dira bost kontzertuak:

  • Ben Vida & Lea Bertucci (AEB)

Ben Vida eta Lea Bertucci esperimental eszenan ibilbide luzea duten bi musikari dira. Bere bideak New Yorken gurutzatu ziren duela urte batzuk eta elkarrekin lanean hasi ziren; zirriborroak, ideiak eta kontzeptuak, disko bat grabatzeko asmoarekin. Murmurations izan zen lan horien emaitza 2021ean. Benek bere tresna elektronikoetatik eta bere synthe modular eta tronpetatik soinuak erabiltzen dituen bitartean, Leak soinu horiek denbora errealean manipulatzen ditu, zinta analogikoak dituen makinarekin, saxoa, txirula, elektronika... Bien ahotsak mundu batean gurutzatzen dira, soinu elektroakustiko argiarekin, abstraktuarekin eta hizkuntza pertsonal eta bakarrarekin. Europan eskainiko duten kontzertu bakarra izango da Kaiolan eskainiko dutena, bien arteko bira honetan, proiektu honen ibilbidea itxi eta bide berriak hasteko.

  • Klara Lewis & Yuki Tsujii (Suedia, Japon)

Klara Lewis artista suediar gaztea da, eta hamarkada bat baino gehiago darama diskoak argitaratzen elektronika ilun eta abstraktuan. Europan eta Estatu Batuetan antolatzen diren jaialdi ospetsuenetan hainbat proiekturekin jo du. Yuki Tsujjirekin duen bikoteko proiektua berria da, disko berria, eta hauek ere Kaiolan aurkeztuko dute. Yukik bere gitarrarekin inprobisatuko du Klarak egiten dituen frekuentzia eta soinuen gainean, modu guztiz askean. Luxu handia da proiektu hau Galdakaon izatea. 

  • Lucy Railton (UK) 

Lucy Railton Berlinen bizi den artista ingeles bat da, txeloa jotzen du eta ez da oso konbentzionala. Soinuen hedapena musika klasikotik esperimentalenera darama, instrumentuak tenkatuko balitu bezala, batere ohikoak ez diren testurak eta soinuak aurkitu arte. 2023. urtearen amaieran ‘Corner Dancer’ bakarkako disko berria argitaratu zuen. Lan honek egun gutxi batzuetan agortu zituen bere kopiak; hainbat lekutan grabatutako soinu eta zatien nahasketa bat da, tresna elektroniko askorekin, txeloa instrumentu nagusitzat hartuta. Patti Smith handiaren bandan bira egin berri du, musika abangoardistaren harribitxi berrietako bat da.

  • Jeremiah Chiu (AEB) 

Jeremiah musikari amerikarra da, elektronika sotilagoan oinarritua. Vintage teklatuekin eta sinthe modularrekin lan egiten du. 2021ean bere lehen diskoa grabatu zuen Marta Sofia Horner biolin jotzailearekin, meditaziora eramaten zaituen giro musikako eta soinuzko diskoa. ‘Electric Time’ bakarkako lan berria aurkeztera dator Kaiolara. Tour labur bat egingo du, astebete baino iraungo ez duena, eta beraz, zorionekoak izango gara kasu honetan ere Kaiolan izateagatik.

  • Felicia Atkison & Christina Vantzou (Frantzia, AEB)

Felicia eta Christina zentzu askotan ibilbide musikal paraleloa duten bi artista dira. Hamabost urte baino gehiago daramatzate esperimentatzen, jotzen eta diskoak argitaratzen. Soinu abstraktuekiko, ahots errezitatuekiko, pianoaren soinuekiko eta eremu-grabazio eta soinu-collage ugariekiko pasioa partekatzen dute biek. Grabazio horien helburua beste soinu paisaia batzuetan pentsaraztea da, eta haien musika soinuzko kocktail bat da hasieratik amaierara. Feliciak Shelter Press zigilu propioa du, eta bertan bikoteak bere lehen diskoa aurten kaleratuko du.