Auzokideen irisgarritasuna hobetze aldera, Bilboko Udalak 1.460.164,60 euroko aurrekontua, BEZa kanpo, bideratuko du Zurbaranbarri auzoan bi igogailu publiko eraikitzeko. Lanak hamaika hilabeteko iraupena izango dute, eta denbora horretan hainbat aldaketa eragingo dituzte auzoan. Esate baterako, nabarmengarriena da auzoko 33. eta 37. zenbakien atzealdean dagoen aparkalekua ezin izango dela erabili 2025eko otsailera arte.

Zurbaranbarri 2. barrutian dago; iparraldean eta ekialdean BI-631 errepidearekin egiten du muga, eta hegoaldean eta mendebaldean Arabella etxaldearekin. Auzoan irisgarritasun zaileko etxebizitza-multzo bat dago, orografia, mendi-mazela eta urbanizazioa direla kausa: blokean isolatutako eraikinak dira, plataforma ia horizontaletan kokatuta, altuera desberdinetan.

Horregatik, igogailu berri bi horiei esker auzoko plataformen artean komunikazio-ardatz irisgarri bat sortuko da. Gaur egun, maldak igo eta jaisteko, eskailerak eta arrapalak daude.

Izan ere, Udalak aurreikusi dituen jasogailuekin 15 metro inguruko desnibela gaindituko dela kalkulatu da.

Beheko igogailua

Lehenengo igogailua Zurbaranbarri kaleko 37. blokearen ondoan egongo da. 6,86 metroko desnibela gaindituko du, eta 180º-ko bi sarrera-irteera izango ditu eta tarteko geraleku bat ere bai, 37., 38. eta 39. atarietara sarbide zuzena emango duena.   

Igogailuaren goiko irteera eta orain dagoen bidea metalezko pasabide baten bidez lotuko dira. Pasabide hori 4,90 metro luze izango da.

Gainera, obren eremuan dauden eskailerak eraitsi eta berreraikitzea eskatuko du, proiektuari egokituz.

Goiko igogailua

Bigarren igogailuak 7,60 metroko desnibela gaindituko du, 36. eta 42. blokeen ondoan egongo da, horko hormaren ondoan. Aurrekoan bezala, 180º-ko bi sarrera-irteera eta tarteko geraleku bat izango ditu, Zurbaranbarri kaleko 40., 41. eta 42. blokeetara iristeko.

Era berean, eta lanak egin ahal izateko, lehendik dauden eskailerak eta arrapalak eraitsi beharko dira; horien lekuan igogailua bera eta eskailera-egitura berria egingo dira.

Bi igogailuak, egitura aldetik, nukleo bertikal baten bidez egingo dira, egitura metalikoarekin, eta beira laminatuz estalita. 13 lagunentzako lekua izango dute, eta bideoz zainduta egongo dira eguneko 24 orduetan.