Bizkaiko Foru Aldundiak bere jabetzako 2 ondare-ondasun jarriko ditu salgai, enkante publikoaren bidez, Bilbon eta Elorrion; ondasun horien lizitazio-prezioen batura ia 3 milioi eurokoa da. Bilbon dagoen higiezina birkalifikatu egin da dagoeneko, bizitegi-erabilerarako. Eraikin hori martxoaren 5eko 50/1995 Dekretuaren bidez integratu zen Foru Aldundiaren ondarean. Dekretu horren bidez, Bizkaiko Lurralde Historikoari eskualdatu zitzaizkion Autonomia Erkidego osorako erakundeen kulturaren arloko zerbitzuak. Bigarrena Elorrioko saihesbidea eraikitzeko proiektua gauzatzeko desjabetze-espedientetik dator.

Ondare-ondasunak eta lizitazio-prezioa

•           Higiezina, Bilbon: sotoa, beheko solairua eta 6 solairu, José Mª Escuza kaleko 16. zenbakian. Oinarrizko prezioa: 2.977.772.82 euro

•           Landa-lurra, Elorrion, 2047 metro koadrokoa, herri horretako saihesbidea eraikitzeko proiektua gauzatzeko desjabetze-espedientetik datorrena. Oinarrizko prezioa: 17.084,16 euro

Gaur egun, ez dago inolako erabilera edo zerbitzu publikorik bi ondasun horietan. Bestalde, haien ezaugarriak eta inguruabarrak kontuan hartuta eta aurrekontuko oraingo aurreikuspenak kontuan hartuta, ez da aurreikusten Aldundiaren eskumenak betetzeko erabiliko direnik.

Antzinako «Kirolaren Etxea»

Higiezin hori 1945ean eraiki zen, Rafael Fontán Sáenz arkitektoaren proiektuari jarraituz. Ondoren, 1968an, berritu eta handitu egin zuten, Francisco Javier Ortega Uribe-Echevarría arkitektoaren proiektuaren arabera. 1969an, Delegación Nacional de Educación Física y Deportes erakundeak Banco de Vizcayari erosi zion. 1980an, Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zion. Bost urte geroago, higiezina Bizkaiko Foru Aldundiari eskualdatu zitzaion jabetza-erregimenean, eta handik aurrera hainbat kirol-federazioren egoitza izan zen.

Harrezkero, 27 urtez (1985-2012), eraikinak Bizkaiko kirol-federazio asko hartu zituen, besteak beste kirol hauetakoak: saskibaloia, arrauna, igeriketa, mendia, boleibola edo kirol egokitua. Azkenik, ekainaren 13ko 1113/2017 Foru Aginduaren bidez, higiezina desafektazioa xedatu zen, 2012tik erabilerarik gabe zegoelako, kirol-federazioen egoitza Miribilla auzora aldatu baitzen.