Aurrera darrai Bilboko Udalak euskararen erabilera sustatzeko erronkarekin. Astearte honetan arratsaldean, apirilaren 30ean, orain dela zortzi urte sortu zen Euskararen Aholku Batzordea izeneko hizkuntza-gaietako aholku- eta eztabaida-organoaren agintaldi honetako lehenengo bilera ospatu zen, eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto izan zen ekimenaren buru.

Bertan, berarekin batera, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arretako eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia egon da, baita beste hogeita hamar bat parte-hartzaile ere; esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, udal-sailetakoak, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetakoak, eta gizarte- eta kultura-erakundeetakoak, hala nola Euskaltzaindikoak, Labayru Fundaziokoak, Athletic Fundaziokoak edo euskaltegien sarekoak.

Arratsaldeko osoko bilkuran hainbat gai jorratu dira, besteak beste, honako hauek: aurreko agintaldiaren memoria; 2018-2022 aldirako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren ebaluazioa eta 2023-2027 aldirako plangintza-ildoak, eta Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren (ESEP) diagnostikoa.

Euskararen Aholku Batzordea

Bilboko Udalak 2016ko otsailaren 3an jarri zuen abian Euskararen Aholku Batzordea. Hizkuntza-gaietako aholku- eta eztabaida-organoa da, eta helburu du urian euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta Bilbon euskara sustatzeko eta normalizatzeko interesa duten pertsonen eta entitateen elkargune eta partaidetzarako foro izatea.