Bizkaiko Foru Aldundiak Gernikako Ospitaleko hirugarren solairua erabiltzeko lagapen-akordio bat onetsi du, arreta soziosanitarioko unitate berri bat sortzeko. Bi erakundeen akordioari esker, gune hori osorik bideratu ahalko da laguntza soziosanitarioa ematera konplexutasun gutxiko eta intentsitate handiko zainketa sanitarioak behar dituzten pertsonei, betiere haien egoera soziofamiliarrak eragozten badu zainketak behar bezala aplikatu eta gainbegiratzea etxean edo mendekotasun-egoeran dauden adinekoen egoitza batean. Akordioa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin sinatu du.

Hala, Gernikako Ospitaleko hirugarren solairuan hartuko dira ospitaleko alta jasotakoan eriondoan dauden pazienteak. Pertsona horiek profil askotakoak dira. Esaterako, suspertzen ari direnak prozesu akutu batetik zeinak eragin baitie narriadura funtzional eta/edo kognitibo bat eta galarazten baitie autonomia funtzionala, baina hobera egiteko aukerarekin; edota hauen premian dauden adinekoak: ortogeriatria edo eriondoa, prebentzioa, immobilizazio luze baten ondoriozko errehabilitazioa eta zainketa espezializatuak, betiere beharrezkoa denean arreta sozial eta sanitarioko modeloak intentsitate handiagokoak izatea. Eskari sozial handiko plazak dira.

Gernikako EEZ Barrualderako

Akordio horren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak Gernikako Erreferentziako Eskualde Zentroa kokatuko du Eusko Jaurlaritzak lagatako gunean, Barrualdeko gizarte-zerbitzuen sektorerako, eta bertan 25 plazako unitate soziosanitario bat ezarriko da, zeinak baliabide espezializatuak izango baititu ospitale-egonaldi osteko suspertze/errehabilitazio egonaldietarako. Gainera, Gernikako Erreferentziako Eskualde Zentroak diziplina anitzeko sostengu-lantalde espezializatu bat izango du, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) profesionalek osatua, zeinak dedikazio osoan diharduela aholkularitza emango baitu arlo soziosanitarioan, orientazioan, koordinazioan eta baliabide partekatuetan eta sostengatuko baitu laguntza-prozesuen ezarpena bere zonako egoitza-zentroetan. Alde horretatik, Busturialdeko 9 egoitzekin lanean ari gara dagoeneko laguntza-prozesuetan eta arreta pertsonalizatzeko prozesuetan.

Hala, Gernikak Birjinetxe izango du eredu. Zentro horrek Bilborako Erreferentziako Eskualde Zentro gisa funtzionatzen du 100 plaza soziosanitariorekin, eta sostengua ematen die 39 egoitzari, non biltzen baitira Bizkaiko hiriburuko egoitza-plazen % 90. Abian dira, orobat, Leioako etorkizuneko Erreferentziako Eskualde Zentroaren obrak, Uribeko gizarte-zerbitzuen sektorerako. Zentroak 25 plaza soziosanitario izango ditu, eta sostengu-lantalde espezializatua.