Bizkaiko Foru Aldundiak, bere Gobernu Kontseiluan, 2024. eta 2025. urteetan kirol-instalazioetan inbertsioak egiteko Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-erakundeentzako dirulaguntzen deialdia onetsi du. Deialdi honen helburu nagusiak dira, besteak beste, kirol-instalazioen kalitatea hobetzea; instalazioen erabilera intentsiboagoa, berdinzaleagoa eta balioaniztunagoa ahalbidetzea, eta arlo hauetako estandarrak hobetzea: diseinua, irisgarritasuna, segurtasuna eta jasangarritasuna.

Ekimen honen helburua erakunde eskatzaileen ekintzak lagundu eta osatzea da, obra gauzatzearen ondoriozko gastu guztiak finantzatu gabe. 2,9 milioi euro inbertituta, foru-erakundeak jarraipena eman nahi dio kirol-azpiegiturak hobetzeko eta modernizatzeko aurreko urteetan hasitako prozesuari. 2021etik gaur arte, foru-erakundeak 14 milioi euro inbertitu ditu guztira, Bizkaiko Lurralde Historikoko udal eta mankomunitateen artean banatuta.

Diruz lagunduko diren inbertsioen artean, honako hauek sartzen dira: egitura aldatzea, espazioen bizigarritasuna egokitu edo hobetzea, ekipamendua ordeztea eta lehengo instalazioen banaketa aldatzea.

Dirulaguntza hauek honako erakunde hauek jaso ahal izango dituzte: Bizkaiko udalek, mankomunitateek, kiroletako udal-erakunde autonomoek eta udal-sozietate publikoek, baldin eta foru-dekretuan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Bizkaiko Foru Aldundiak kirol-jarduera sustatzen du Bizkaiko herritarren artean, eta badaki zer garrantzitsua den kirol-ekipamendu modernoak eta baldintzarik onenetan edukitzea. Hala, dirulaguntza honen bidez, foru-erakundeak Bizkaiko Lurralde Historikoko kirol-azpiegiturak garatzen eta modernizatzen laguntzen du.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, foru-dekretua argitaratzen denetik.