Sestaoko Udalak eta Desgaitasun Fisikoa duten Sestaoarren Elkarteak (AFISES) berriz ere berritu dute. Horren helburua da zerbitzua ematea gizarte-zerbitzuen eremuan parte-hartzea eta gizarteratzea sustatzeko, desgaitasun fisikoa duten pertsonen gizarteratzea eta autonomia errazte aldera. 2016an lehen aldiz sinatu eta 2020an berritu zuten lankidetza-hitzarmena.

Akordio berri horrek lau urteko indarraldia izango du, 2024ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra arte, eta beraren Berrikuntzarik garrantzitsuena Sestaoko Udalak AFISESi jarduerak garatzeko emango dion dirulaguntza handitzea izan da. Izan ere, urtean 15.000 eurotik 20.000 eurora pasako da, azken urteetan gorantz joan den bizi-kostuak erakundeak kontratatzen dituen zerbitzuen gastuan eragin duen igoerari aurre egin ahal izateko.

Horrela, hitzarmenak ezartzen du AFISES arduratuko dela honako zerbitzu hauek emateaz eta honako jarduera hauek garatuko dituela Udalak aspalditik erakunde horri Las Llanas ikastetxe publiko zaharrean laga dizkion geletan:

1.- Desgaitasunen bat duten pertsonentzako Informazio gunea.

Deskripzioa: Aholkularitza-zerbitzua, Sestaoko udalerrian bizi diren eta desgaitasun fisikoa duten pertsonentzako baliabideei eta prestazioei, lan-orientazioari, aisialdiari, astialdiari eta abarri buruzko informazioa emateko.

Zerbitzu hori aurrez aurre, telefonoz eta Internet bidez emango da, astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 13:00etara, urte osoan, abuztuan izan ezik.

2.- Era askotako tailerrak.

Helburua: Desgaitasuna duten pertsonei aisiarako aukera bat eskaintzea, eta elkarren arteko harremanak eta haien autoestimua sustatzea. Tailerrek marrazketa, autoestimua eta interesgarritzat jotzen den beste edozein diziplina jorratuko dituzte.

3.-Kontzientziazio kanpaina.

Deskripzioa: Urtean desgaitasun fisikoari buruzko hiru hitzaldi egingo dira; kanpaina bat egingo da Sestaoko bi edo hiru ikastetxetan, ezintasun fisikoaren gaineko hitzaldiak eta material didaktikoa bilduko dituena; urtean bi bideooforum egingo dira, filmak ikusi osteko eztabaida izango dutenak; Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna, abenduak 3, ospatuko da, berariazko ekitaldi baten bidez udaletxean; eta AFISES aldizkariaren bi ale argitaratuko dira urteko, eta argitalpen bakoitzeko, 500 ale.