Akordioari esker jarduketak egin ahal izango dira BI-2636 errepidearen bi tartetan bidegorri hau eraikitzeko, eta aurreikuspenen arabera, lanak abenduan hasiko dira eta urtebete iraungo dute, gutxi gorabehera. Lan hauekin 1,45 kilometroko ibilbidea prestatuko da bi udalerrien artean, kirol-aisialdiko azpiegitura ez ezik, mugikortasun jasangarria sustatzen duen euren arteko mota guztietako joan-etorrietarako benetako alternatiba ere izango dena.

Bizkaiko Foru Aldundiak Etxebarriako Udalarekin hitzarmena sinatzea onartu du gaur, BI-2636 errepidearen egungo trazatuarekiko paraleloan herri hori eta Markina-Xemein lotuko dituen bizikleta bide bat eraikitzeko. Jarduketa hau bi zati eta fase desberdinetan garatuko da, eta bi herrien arteko ibilbide alternatiboa sortzea ahalbidetuko du, ez bakarrik kirol-aisialdiko azpiegitura moduan, baizik eta, mugikortasun jasangarria sustatuz, bi herrien arteko mota guztietako joan-etorrietarako benetako alternatiba gisa.

Lehenengo tartea egungo BI-2636 errepidearekiko paraleloan joango da, Etxebarriako Munibe Jauregiko ate nagusiaren aurrean abiatu eta galtzadaren eskuinaldetik Urko ibaiarekiko bidegurutzea igaro arte. Trazadura-proiektua onartuta dago jada, eta aurreikuspenen arabera, eraikuntza-proiektua apirilean onartuta egongo da eta, ondoren, obrak kontratatzen hasiko dira. Obrak aurtengo abenduan hastea aurreikusten da.

Obra horietan 3,50 metroko zabalera eta 1,3 kilometroko luzera izango duen bizikleta-bide bat eraikiko da, errepidearen eta bidegorriaren arteko zabalera aldakorreko berma batekin. Gainera, Urko ibaiaren gaineko egiturak zabaldu egingo dira bi puntutan eta bost horma-tarte eraikiko dira; aldi berean, proiektuak eragindako etxebizitzetarako sarbideak berrituko dira. Azkenik, BI-2636 errepidearen trazadura aldatuko da 22 metroko luzeran.

Bigarren tarteak lehenengoaren jarraipena definitzen du, eta Markina-Xemeingo hiri-bilbearekin lotzeko aukera ematen du, gaur egun egiten ari diren saihesbide berriaren elkargunea igaro ondoren. Ondore horretarako egungo espaloia aprobetxatuko da bizikleta eta oinezkoen ibilbide bereizi bat egiteko, ondoren bizikleta-bide hau udal bideetan integratzeko, eta bide hori erabilera partekatukoa izango da.

Obra horietan 3,50 metroko zabalera eta 150 metroko luzera izango duen bizikleta-bide bat prestatuko da, eta lau egitura eraikiko dira: hegal auto-egonkor bat, bizikleta-biderako bi eustorma eta itxitura-horma bat. Gainera lanek eragindako sarbidea berrituko da.

Tarte horretako eraikuntza-proiektua maiatzean onartzea aurreikusi da, eta obrak Markina-Xemeingo saihesbideko obrekin koordinatu beharko dira.

Bi tarteak Etxebarriako Udalarekin sinatutako hitzarmenean jasotzen dira. Hitzarmen horretan ezartzen denez tokiko erakundea izango da titularra eta obrak amaitutakoan bizikleta-bide berriren kontserbazioaren erantzukizuna izango du.

Lanek urtebete iraungo dute eta aurrekontua 3.412.705 eurokoa izango da; munta horretatik 2,46 milioi Bizkaiko Foru Aldundiaren kontura izango dira, eta gainerako 950.000 euroak Etxebarriako Udalaren kontura.