A tu lado, Los Secretos taldeari buruzko musikala, Arriaga Antzokira itzuliko da hurrengo udaberrian. Urtarrilaren 21ean egindako emanaldiak arrakasta handia izan zuen eta sarrerak agortu ziren. Hori ikusita, bigarren emanaldi bat eskainiko da hurrengo udaberrian. Hortaz, apirilaren 23an, Madrilgo banda mitikoa berriz igoko da antzoki bilbotarraren eszenatokira, taldearen beraren ibilbidea jorratzen duen ikuskizunari musika jartzeko.

A tu lado, un musical con Los Secretos musikalean, taldeak bere bizitzaren, musikaren eta horien parte izan ziren pertsonen historia kontatzen du. Taldeko kideek beren ibilbidea errepasatzen dute, gau batean garatzen den istorio baten bidez. Imajinario kolektiboaren parte izan daitekeen edozein kontzertu-aretotan gertatzen da: Sala Sol, La Vía Láctea, Rock-Ola... han, eta aretoa bete eta kontzertua hasi aurreko ilunpetan, aktore bat beste garai bateko abeslari bihurtuko da ikusleen aurrean: Enrique Urquijo izango da, taldearen liderra, eta bere istorioa kontatuko digu.

Enriquek, zeremonia maisu gisa, taldea aurkezten du eta denboran zeharreko bidaia bati ekingo dio ordu eta erdiz, olatu berriaren urteetatik, trantsiziotik, la movida delakotik eta talde baten eta herrialde baten historia markatu duten hamarkadetatik igaroz. Amets bat izan zuten mutil oso gazteen talde baten istorioa da, familiari ezer esan gabe musika talde bat sortu eta gailurrera iritsi zirenena. Baina, era berean, galeren, etendako bizitzen eta, azkenean, berriz jaiotzearen istorioa ere bada.

Enriqueren ikuspegi bakanetik, ikusleak bere arrakastaren eta amaiera goiztiarraren lekuko dira, bere anaia Alvaro ikusiko dugu, taldearen historian zein bere anaiaren bizitzan funtsezkoa zena, baita Los Secretosen egungo kide bakoitza ere, narrazioan sartu-irtenak eginez. Eta hori guztia abesti enblematikoz osatutako soinu bandarekin: Déjame, La Calle Del Olvido, Ojos De Gata, Por El Bulevar De Los Sueños Rotos edo Pero A Tu Lado, zeinak obra musikalki ilustratzeaz gain, izaera dramatikoa ematen baitiote. SOM Produce eta 30 Años ekoiztetxeek koproduzitutako ikuskizun hau Espainiako musikako talde garrantzitsuenetako bati egindako omenaldia da.