Arriaga Antzokiak Literatura eta Musika Euskaraz zikloaren edizio berri bat abian jarriko du asteazken honetan, urtarrilaren 31an. Hasiera emateko hautatutako ikuskizuna, Txori Kantazale, Xabier Lete poeta eta kantariaren unibertsoan murgilduko da, berak egindako testuak eta musika uztartuz.

Antzokiko foyerrean emango den ekitaldian (19.30 etan) Joana Otxoa de Alaiza piano-joleak eta Joxan Goikoetxea akordeio-joleak eskainiko dituen doinuei Alexander Gurrutxaga Literaturan doktoreak hitzak jarriko dizkie, Leteren poema eta abesti ezberdinei erreparatuz.

Sortaldekoak (otsailak 7), Hedoi Etxartek, Xabier Erkiziak eta Broken Brothers Brass Bandek eskainitakoa; 20neto bat irakurtzeko 20 modu (Apirilak 17), Harkaitz Cano, Maite Larburu eta Beñat Barandiaranekin; eta Eider Rodriguezeren eta Anariren proposamena (Maiatzak 15) izango dira 2024ko Literatura eta Musika Euskaraz zikloa osatuko duten ikuskizunak.