Itsas istripuetan, tripulazioa giza akatsen % 50 baino gutixagoren erantzule dela ondorioztatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Itsasketa Zientzia eta Teknikak, Itsasontzi Makinak eta Itsasongintza Saileko ikerketa talde batek egindako lanak. Talde horrek pertsonek eragindako akats moten sailkapen zehatza egin du.

Mundu osoan saltzen eta erosten diren merkantzien ia % 90 garraiatzen du merkantzia-ontziteriak. Munduko merkantzia-garraioaren kate logistikoaren barruan, giza faktorea funtsezkoa da ontziek beren helmugetara arazorik gabe iristeko. Izan ere, ontzien teknologia guztiaren atzean jende asko dago, bai ontzian bai lurrean.

Itsas istripuei buruz argitaratutako azterlan gehienek ondorioztatu dute itsas istripuak nagusiki giza akatsek eragiten dituztela, istripuen % 70-80raino. Hala ere, “azterketa horietako askoren ondorioak ez dira haratago joaten, eta ez dute aztertzen nor diren istripuaren kausan parte hartzen duten pertsonak; alegia, pertsona horiek tripulazioko kideak diren edota lurreko zein portuko langileak, ikuskatzaileak, ontzi-konpainietako langileak... Beraz, interesgarria da aztertzea ea akats horiek istripua izan duten ontzietako tripulazioko kideek egin zituzten, neke psikiko hutsagatik, esate baterako, edo akatsak tripulatzaileen eta lurreko langileen arteko gaizkiulertuetatik ote datozen, etab.”, adierazi du Javier Sánchez-Beaskoetxeak lanaren egile nagusiak eta UPV/EHUko Itsasketa Zientzia eta Teknikak, Itsasontzi Makinak eta Itsasongintza saileko irakasleak.

“Lan hau AEBetako National Transportation Safety Board-ek argitaratutako istripu askoren txostenetan oinarrituta dago, 1975eko ekainetik 2017eko irailera bitartean gertatu ziren istripuetan hain zuzen ere, eta tripulazioari edo beste pertsona batzuei egotzi ahal izan zitzaizkien giza akatsen zenbatekoa zehazten saiatu gara; halaber, akats moten sailkapen zehatza ere egin dugu”, azaldu du Sánchez-Beaskoetxeak.

BEHERANZKO JOERA

“Emaitzek erakusten dutenez, giza akatsei egotz dakizkiekeen istripuen ehunekoa, tripulazioen akatsak gehi tripulazioari egotz ezin dakizkiokeenak batuta, % 75ekoa da, aztertutako literaturan aurkitutako kopuruaren antzekoa”, dio lanaren egile nagusiak. Hala ere, “aztertutako istripu guztien % 46 da tripulazioak eragindako giza akatsen zenbatekoa. Horrenbestez, ontzien istripuetan gizakiak eragindako akatsa ez da beti tripulazioaren akatsa. Tripulazioa giza akatsen % 50 baino gutxiagoren erantzulea da”, azpimarratu du UPV/EHUko ikertzaileak. “Beste faktore batzuk ere hartu behar dira kontuan: batetik, akats teknikoak, eta, bestetik, ontzien inguruan lan egiten duten pertsonek egindako akatsak (lehorreko eta portuko langileak, ikuskatzaileak, ontzi-enpresetako langileak…). Esaterako, portuko gidariak gaizki aholkatzen bazaitu eta istripua gertatzen bada, erantzukizuna ez da tripulazioarena”, dio Sánchez-Beaskoetxeak.