Osasuna eta Athleticen arteko partidua aztertzeko modu ugari dagoz. Bateren batek esan leike, lehia handiko partidua izan zala eta defentsak nagusitu zirala, estrategiaren garrantzia azpimarratuta. Futbolzale arrunt batek esan leike, gorritxoek eta zuri-gorriek eskeini eben ikuskizuna negargarria eta, batez be, aspergarria izan zala. Izan be, Athleticek zein Osasunak ez eben ia arriskurik sortu aurkariaren ate aurrean eta ez ziran jokaldi landurik kateatzeko gauza izan. Kontuak kontu, baloi luzeak eta borroka gogorrak bakarrik ikusi genduzan. Bigarren erregional mailako partidu bat emoten eban Sadarrekoak.

Jagoba Arrasate pozik agertu zan partidu osteko prentsaurrekoan, hiru puntuak lortu izanari sekulako garrantzia emonez. Berriatuko entrenatzaileak onartu egin eban bere taldearen jokoa ez zala bape ikusgarria izan. Kontua da, Osasunak lesionatu pilo bategaz ekin eutsala Athleticen aurkako partiduari eta joko ikusgarria alde batera itxi eta gorritxoak aurkaria itotzera zelairatu ziran, jokaldi solteren baten gola sar-tzeko asmoagaz. Plana ezin hobeto atara jakon Arrasateri. Hori bai, Osasunako entrenatzaileak partidua irabaztearen aldeko apostua egin eban Adrian eta Kike Barja zelairatuta.

Athleticek aukera bikaina eukan Sadarren garaipena eskuratzeko, aurkariak eukazan lesionatu piloa baliatuta. Levanteren aurkako partiduan zelairatutako hamaikakoa errepikatu eban Garitanok. Partidu hasieratik Osasunak presino itogarria egin eutson Athletici eta zuri-gorriak ez ziran gauza izan aurkariak jarritako hesia gainditzeko. Baloi luzeak Raul Garcia eta Williamsen bila eta kitto. Bigarren zatian partidua zabaldu egin zan eta Arrasatek aldaketa bikotxa egin eban. Garitanok, ostera, eutsi egin eutson hasierako hamaikakoari, taldearen errendimendua makala zan arren. Aldaketak egin ebazanerako partidua erabagita egoan etxeko taldearen alde. Williams, Raul Garcia eta Muniain hirukotearen errendimendua ez da ona baina Garitanok eutsi egiten deutso. Ez naz inor entrenatzaileari esateko nor zelairatu behar dauen baina, ikusitakoa ikusita, argi eta garbi dago taldeak aldaketak behar dituela izenetan erreparau barik. Orain arteko bidetik jarraituta, geure burua txarto ikustekoak gara.