STEOTAN, Espainian espioitzari buruz atera diren albiste guztien gainetik, beste koxka batek estuago bihurtu ditu bertako dimentsioak. Pedro Sanchez presidentearen eta Margarita Robles Defentsa ministroaren telefono mugikorrak espiatu dituzte. Albistea kuriosoa da. Hori entzun ostean, milaka eta milaka galdera sortzen dira. Zergatik bi pertsona horienak? Independentistak eta abertzaleak lapiko berean daude? Eskuinaren edota ultraeskuinaren politikariak ez dira espiatuak izan? Zergatik agertu dira herrialde independentistetako politiko zelatatuen izenak Espainiako presidentearenaren aurretik? Ez zekiten akaso?

Ez dakit, eta barkatuko didazue, baina berria ageri bezain laster gezur borobila zela pentsatu nuen. Gezurra. Politikoek tai gabe eta inolako eskrupulurik gabe esaten dituzte gezurrak. Askok eta askok ke gortinatzat hartu dute bat-bateko albiste hori, eta auziaren muinean ez sakontzeko, eta bere barruan egon litekeen nardagarrikeria agerian ez uzteko maniobratzat hartu da.

Modu sinple horretan esaten ari dira gobernutik kanpo egindako espioitzak ilegalak izan direla. Eskuak garbitu dituzte. Baina politikoren batek esan duen bezala: "Moncloak dio Moncloak duen Pegasusekin Moncloa zelatatu duela Moncloak. Eta orain, erantzukizun politikoak ez ditu Moncloak hartuko".

Hortaz haserrea nagusitu da lehen alderdian laido diplomatikoaren erruz, eta bere eskubideak urratuak izan direla, eta bere erantzuna irmoa izango dela, eta hau ez da berriz gertatuko, eta bla, bla, bla... eta bla, bla, bla.

Eta handik egun batzuetara esandako hitzak, inor jabetu gabe, jan ditu oso modu harrigarrian. PSOE, hots, zelataturik izan den alderdia, espioitza iker-tzeko batzordea sortzearen kontra agertu da PP, Vox eta Ciudadanos alderdiekin batera. Halarik ere, Espainiako Gobernuak (hala dio) bestelako bideak irekiko ditu arazoa gardentasunez argi-tzeko. Beste gezur bat. Dena ezerezean lotuko da.

Gobernukideak espiatzen dituen Gobernu batek ez badu espioitza argitu nahi, zergatik izango ote da? Ez zait arraziorik otutzen.