Urretabizkaiari bere ibilbideagatik egin zaio omenaldia. 1979an idatzi zuen "Zergatik panpox" lana da, beti ere, aitortzen zaiona. Emakumezko batek idatzitako lehenbiziko eleberriaren egile izana. Apunte historiko bat. Gutxiagotan hitz egiten da, adibidez, liburu hartan euskal literaturan lehenbizikoz agertzen diren elementu narratibo berriez.

Arantxak sarri askotan esana da bera ez dela "Zergatik panpox" bakarrik. Ez zela liburu hura idaztean jaio, ez hil (idazle bezala). Eta hala da. Aurtengo udaberrian ere, liburu berri bat baitakarkigu Pamiela argitaletxearen eskutik. Liburuez gain, ordea, bere hitzaldietan, bere zutabeetan... Arantxak emakumezko pertsonaiei eta pertsonei kokaleku bat eman die, bai literaturan zein gizartean.

"Geure gelatik" deitura eman diote azokari Maxixatzen elkartekoek, Virginia Woolf-i keinu eginez. Emakumezko idazleek idazteko behar duten espazioa edo lanerako tokia aldarri izan dela gogora ekarriz.

Ia 100 urte dira Woolf-ek "Una habitación propia" idatzi zuela. Eta, ordutik, aurrerapausoak egin dira: gela propioa izatea beharrezkoa dela ikustaraztea, kasu. Woolf-ek, ostera, emakumezko idazleak hiru elementu behar zituela aipatu zuen: gela, denbora eta kontzentrazioa. Orain, bada, bigarren elementuan dauzkagu urratsak emateko. Ulertaraztea eta aldarrikatzea, emakumeak "bere denbora" izan behar duela: idazteko, irakur-tzeko... edo atseden hartzeko.

Emakumeak familiari, etxeko zereginei eta zaintzari eskaintzen dion denborak partekatua behar du izan. Emakumea ez dadin super woman-a izan. Bestela, super woman-ak diren emakumeei, menpekotasunean superbizitzea aitortzen baitiegu.

Arantxari zerbait aitortu behar baldin badiogu, besteak beste, "bere denbora" izana da.