ISABEL Celaáren hezkuntza sailak marko hirueledunean parte hartuko luketen ikastetxeak lortzeko dituen arazoak ekiditeko "TRANPAK" egiten hasi da. Eskaintza bereziak egiten ari da ikastetxeak "EROSI" nahian. Baina, guzti hau argitu baino lehen markoari buruzko informazioa gogoraraziko dizuegu.

Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailak, hezkuntza eragile nagusiak kanpoan utzita, marko hirueleduna sortu zuen (sindikatu abertzale guztiak, eragile ugari, etab... kontra daude). Ikasturte honen hasieran deialdi bat ireki zuen berrogei ikastetxetan esperientzia moduan hiru urtez martxan jartzeko. Epe hau bukatu eta gero, beraien ustetan (hala izango da, noski) emaitzak onak badira, A, B eta D ereduak desagertuko dira eta inork nahi ez dugun hizkuntza eredu bakarra ezarriko da ikastetxe guztietan. Hiru urte hauetan ebaluaketak egingo dira, baina ez ikasleena, "esperimentuarena" baizik. Proiektu hau, inposaketa izateaz gain, txapuza bat izaten ari dela ikusten ari gara (metodologiarik gabe, irakasle baten gainean utziz ardura osoa, etab.) Ezin gara beraien "jokoan" sartu, ez eta "babesa" eman marko honi. Denon artean hiru urte barru martxan ez jartzea lortu behar dugu.

Zeintzuk dira markoaren oinarriak? Hizkuntza bakoitzean (gaztelania, euskara eta ingelera) gutxienez asteko ordu kopuruaren %20 izan behar du eta beste %40 zein hizkuntzatan izango den ikastetxeak erabaki dezake. Hau da LHn gutxienez 5na ordu, eta DBHn 6na ordu. Argi dago kaltetua ateratzen den hizkuntza euskara dela.

Zer suposatzen du honek? Kasu onenetan, gezurretako B eredu batera pasako garela, eta guk eta beraiek ondo dakigunez, B ereduak ez du euskalduntzen (B ereduan ikasleen herena baino ez da euskalduntzen beraien datuen arabera). Hainbat ikerketetan (tartean Eusko Jaurlaritzako hezkuntza saila berak kaleratu dituenak) frogatuta geratu denez, Euskal Herrian ematen den egoera diglosikoan, euskarazko murgiltze eredu batek lor ditzake soilik euskaraz bizitzeko gaitasuna, gainerako hizkuntzetan komunikatzeko gaitasunarekin batera.

Ingelera ikasteko aitzakiarekin, euskara baztertu nahi dute. Gurasoen aurrean ingelera "karamelu" moduan erabiltzen ari dira. Ez dugu hizkuntza esperimenturik nahi gure seme alabekin. Bestalde, jakin badakigu ere ingeleraren maila ez dela asko aldenduko oraingo D eredukoetatik. Gaur egun garbi dago lortzekotan D ereduak baino ez dituela lortzen euskaldun eleanitzak.

Zer gertatu zen irailean? Oso ikastetxe publiko gutxi sartu zirela esperientzia honetan (Araban 3, Bizkaian 12 eta Gipuzkoan bat ere ez).

2011ko hasieran ere esperientzia zabaldu nahi du sailak eta beste ikastetxe batzuetan marko berria jarri nahi du martxan , baina iraileko arazo berarekin jarraitzen du: ikastetxeak ez daude prest. Beraz, beraien eredua saltzeko azpijoko bat asmatu du: taldeka biltzen ari da ikastetxeekin honako eskaintza hau eginez: "marko hirueledunean sartuz gero, irakasle gehiago emango dizkizut eta gainera ez duzu eredu honen onarria guztiz bete behar".

Oraingoan kontua ez da marko berri hau martxan jartzea oso ona delako eta esperientziak horrela erakutsiko digulako. Oraingo kontua eredu hau onartzen duten ikastetxe zerrenda luze bat egitea da. Berdin dio barruan zein eredu ezartzen den. Eta gainera, behin barruan egonez gero, eredu berri honen oinarriak ezarri beharko dituzte ikastetxeetan berandu baino lehen (beraien helburua euskara baztertzea baita).

Aurtengomatikulazio kanpainan ere 2 urteko gurasoei eskutitz bana helarazten ari zaie. Bertan, nahiz eta aukeratutako ikastetxean beraiek nahi duten eredua ez izan, betiko A, B eta D ereduetaz gain, eredu hirueledun berria ere aukera dezaketela esaten zaie (ereduak azaldu gabe eta hauen emaitzak eman gabe).

Lotsagarria da!!! Inork nahi ez duen eredu bat saldu ezinaren porrota ez erakustearren edozer egiteko kapaz dira. Ikastetxe pilotoen zerrenda, markoa betetzen ez duten ikastetxeekin handitzeraino. Zeren ebaluazioa egin behar dute horrelako balditzetan sartutako ikastetxeetan ? Ikastetxe publikoen babesa dutela erakutsi nahi dute, besterik ez.

Ez gaitezen haien zurikerietan erori eta eredu bakarraren alde egin dezagun, baina euskaldun eleanitzak sortzen dituen eredu bakarraren alde. Informazio gehiago, edo zehatzagorik behar izanez gero, jo ezazu gurera eta helaraziko dizuegu.