Aurtengo bokartaren arrantzaldia ez da ona izan euskal arrantzaleentzat. Inoiz baino beranduago ekin zioten kanpainari coronavirusak eragindako alarma egoeraren ondorioz eta nahi baino goizago bukatu behar izan dute, harrapaketen eta prezioaren jaitsierak eraginda. Aurreko urteetan kuota guztia arrantzatu bazuten ere, aurten %35 baino gehiago harrapatu gabe utzi dute. Horretaz gain, euskal arrantzaleek harrapatutako arrainaren zatirik handiena Kantabria eta Asturiasko portuetan saldu behar izan dute, bertako uretan ari zirelako arrantzan. Ondorioz, euskal portuek kalte handiak izan dituzte inoiz baino arrain gutxiago jaso dutelako. Bokartaren arrantzaldia alde batera utzi eta hegaluzearen kosterarako prestatzen ari dira euskal ontziak.

Aurtengo antxoaren kanpaina aztertuta garbi ikus daiteke alde handia dagoela euskal ontziek arrantzatutakoa eta euskal portuek jasotakoaren artean. Izan ere, Bizkaia eta Gipuzkoako portuek inoiz baino antxoa gutxiago jaso dute aurten. 1.500 tona inguru baino ez dituzte saldu enkantean euskal portuetan, aurreko urtean baino 11.500 tona gutxiago. Euskal arrantza-ontziek harrapatutako kopurua 4.500 tonakoa izan bada ere, zatirik handiena Asturias eta Kantabriako portuetan lehorreratu dituzte. Faktore bi nabarmendu behar dira jaitsiera nabarmen hori ulertzeko: alde batetik orokorrean Kantauriko ontzi guztien harrapaketak murriztu egin dira. Bestalde, arrantzaldia horren berandu hasi izanak -normalean baino ia bi hilabete beranduago- Kantauriko mendebaldera eraman zuen arran-tzaleen jardun-tokia, euskal kostaldeko uretan antxoa gaztea besterik ez zutelako aurkitzen. “Aurten antxoa gutxi saldu dugu gure portuetan Kantauriko mendebaldetik aritu izan garelako arrantzan. Espero dezagun aurtengo kontua baino ez izatea. Antxoak garrantzi handia dauka gure flotarentzat eta gure portuentzat, eta deskargak murriztu izanak kalte handia eragin du”, nabarmendu du Eugenio Elduainek, Gipuzkoako baxura kofradietako presidenteak.

Coronavirusak eragindako alarma egoerak goitik behera baldintzatu du 2020 urteko bokartaren arrantzaldia. Euskadiko baxura flotako ontziek martxoaren lehen astean ekin zioten kanpainari baina handik gutxira alarma egoera indarrean sartu eta portuan lotuta geratzea erabaki zuten. Apirilaren 20an atera ziren ontziak baina itsasoan aurkitu zutena ez zen arrantzaleen gustokoa izan. Izan ere, antxoa gaztea baino ez zuten aurkitu euskal kostaldeko uretan eta harrapatutako arrainaren prezioa oso merkea izan zen enkantean. “Aurtengo kostera ez da batere ona izan guretzako. Atzeratu egin genuen itsasoratzea eta atera ginenean arrain gaztea baino ez genuen aurkitu eta prezioa oso eskasa izan zen”, adierazi du Igotz Garateak, Lekeitioko Kalamua Bi ontziko patroiak. Kantauriko menbalderantz egin zuten ontziek antxoa handiaren bila eta tamaina oneko arraina aurkitu zuten Kantabria eta Asturiasko uretan. “Aste bat edo bi onak izan genituen Asturiasko uretan arrain handia harrapatu genuelako. Dena den, handik egun gutxira antxoa handia desagertu eta txikia baino ez genuen aurkitzen, eta gutxi gainera. Egoera ikusita, arrantzaldia bertan behera utzi eta hegaluzearen arran-tzaldirako prestatzen hastea erabaki dugu”, azaldu du Garateak. Aurreko urte bietan arrantzaleek eten egin behar izan zuten bokartaren arrantzaldia urteko lehen seihilekorako kuota agortuta. Aurten, berriz, utzi egin diote antxoa arrantzatzeari kupoaren zati handi bat arrantzatu barik izan arren.

Hegaluzearen zain

Bokartaren arrantzaldia atzean utzi eta hegaluzearen kanpainari begira daude euskal arrantzaleak. Kazean ari diren ontziek dagoeneko egin dituzte lehen porturatzeak Asturias eta Galiziako portuetan. Harrapaketak, baina, Atlantiko erdian lortu dituzte, Euskal Herritik 900 itsas miliara (1.700 km). “Oraingoz inork ez du hegaluzerik aurkitu Kantauri itsasoan baina gauzak aldatu egin daitezke egun batetik bestera eta adi egon behar dugu. Ondo bidean, astelehenean itsasoratuko gara. Ez dakit zer edo zer aurkituko dugun baina prest egon behar gara. Itsasoan, portuan baino hobeto egongo gara”, nabarmendu du Kalamua Biko patroiak, bapora Ondarruko portuko ontzitegira igotzen ari ziren bitartean.

Azken urteetako kanpainak oparoak izan dira. Izan ere, arrantzaleek eten egin behar izan zuten arrantzaldia abuztua amaitu baino lehen, kuota agortuta. Nolanahi ere, aurreikuspenak positiboak izan arren, arrantzaleek ez dute ezer aurreratu nahi. “Itsasoak garbi utzi digu ezin dela aurreikuspenik egin. Hegaluzea jatera dator Kantaurira eta aurten ere jateko asko izango du hemen, antxoa asko ikusi dugu-eta. Nolanahi ere, ez dakigu zer ekarriko digun aurtengo arrantzaldiak. Ea antxoarena baino hobea den”, azaldu du Garateak.