Taula bat. Hainbat pieza. Aurkariak aurrez aurre. Buruz buru. Estrategiarik onenak irabaziko du. Bizkorrenak. Zuhurrenak. Zoria ez da jokoan sartzen. Arreta eta erreakzio gaitasuna zorroztu behar dira. Erlojuarekin edo gabe. Denbora oso azkar doa. Heldu gara amaierara. Jokaldi erabakigarria egin eta€ xake-mate. Xake txapelketa batek eman dezakeenaren azalpen laburra. Antzeko zerbait bizi izan zuten lehenengo eskola ligako parte-hartzaileek Trapagarango kiroldegian.

200 parte-hartzaile inguru bildu ziren bertan, Bizkaiko Xake Federazioak eta Ortuellako Peón klubak antolatutako txapelketan. Taulaz betetako mahai luzeak eta xake-zale ugari, burmuina ondo estutzeko prest. Egun hori izaten da jokalari gehien biltzen dituena, baina gainerako topaketetan ere zifrak ez dira askoz baxuagoak izaten. Goizeko bederatzi eta erdietan hasi ziren eta eguerdia ondo pasata bukatu zituzten errondak benjamin, kimu, eta haur kategorietako haurrek. Txikienek bost egin zituzten, eta gainerakoek sei edo zazpi. Aipatu behar da erlojuarekin jokatu zuten bakarrak haur kategoriakoak izan zirela. Partida bakoitzak hogei minutu inguru iraun zuen.

Partidak hasi aurretik, parte-har-tzaileek derrigorrezko arau batzuk bete beharko dituzte: Jokalariek eskua emango diote elkarri, jokatu aurretik; ezin dute partidan zehar hitz egin; elkarrekin joan behar dute arbitroari emaitza jakinaraztera; partida bakoitzaren ostean piezak berriz kokatu behar dituzte eta aretotik irten. Protokoloa zorrotza da.

Mekanikari erreparatuta, eskola ligak hainbat aldaketa izan ditu denboran zehar, jarduera honek eskola-umeen artean hartu duen ospea dela eta. Hasieran, jokalari guztiak egoitza berean elkartzen ziren, eta hainbat jardunaldi antolatzen ziren. Hala ere, gero eta jende gehiago hasi zen parte hartzen, eta ezinezko bihurtu zen jende guztia sartzeko moduko egoitza bat aurkitzea. Duela bi urte, federazioak klubak lautan banatzea erabaki zuen, antolaketa errazagoa izateko. Azkenik, pasa den urtean mekanika berriz aldatu zen, eta aurten mantendu da. Klubak bi eremutan banatu dira. Zonalde batek Ezkerralde, Meatzalde eta Eskuinaldeko haurrak hartzen ditu; besteak, aldiz, Bilbokoak eta gainerako eskualdeetakoak.

Zonalde bakoitzak hiru txapelketa egiten ditu. Horrela izanik, 1. Zonaldekoek Trapagarango topaketarekin hasi dute txapelketa. Otsailaren 9an helduko diote berriz Sakonetako kiroldegian, Leioan, eta hil horretako 23an bukatuko dute. Bestalde, 2. Zonaldekoek igande honetan ekingo diote denboraldiari Bilboko Jesuiten ikastetxean. Otsailaren 16an eta martxoaren 1ean izango dituzte hurrengo hi-tzorduak, oraindik lekuak zehazteke.

Behin txapelketak burututa, final indibidualak jokatuko dira. Horretarako, 80 jokalari inguru sailkatuko dira. Horietatik, 35 inguru benjamin kategoriakoak dira, 30 kimu kategoriakoak eta 20 haur kategoriakoak. Finalaz gozatu ahal izateko, hiru txapelketetan lortutako bi puntuazio onenak izango dira kontuan. Finalak martxoaren 22 eta 29an jokatuko dira. Ostean, jokalari gazteen maia-tzean izango den taldekako txapelketan parte hartzeko aukera izango dute. Bizkaiko Eskola Jokoen barruan izango dira finalak.

Txapelketa horien alde ona da beti jokatzen direla igandeetan, beraz, beste kirolen bat praktikatzen duten haurrek ez dute arazorik izaten.

Xakeak une gozoa bizi du eskola mailan. Izan ere, haurrek ligako txapelketetan parte hartzeaz gain, klubek antolatutakoetan ere joka tzen dute. Santurtzin, esaterako, Gabonetako txapelketa tradizionala antolatu zuten, eta adin guztietako 500 parte-hartzaile inguru bertaratu ziren. Oso arrakastatsua izan zen. Estatuko hainbat lekutatik ere hurbildu zen jendea. Astebete beranduago, Sestaok promozioko lehen txapelketa antolatu zuen. Hainbat gazte gerturatu ziren, jarduerarekin harremanetan hasi edo, beste barik, ondoen egiten dakitena eginez goiza pasa tzeko. Ortuellan haur jardunaldiak ere egiten dituzte. Denborarekin haziz joan dira eta Open Internacional lehiaketarekin bat egiten dute. Guztietan izaten da parte-hartze nahiko handia; izan ere, xakeak garrantzia handia hartu du ikastetxeetan. Jende nahikok hautatzen du eskolaz kanpoko jarduera moduan. Are gehiago, leku ba tzuetan, ikasgai moduan ere ematen da. "Xakeak onura asko ditu. Burmuina aktibatzen du, buru-azkartasuna garatzen du€ oso onuragarria da nagusien artean oroimen arazoak saihesteko ere. Burmuina aktibatzen laguntzen die", esan digute Ortuellako Peón klubekoek.