UDAKO egun luzeek udazkenari paso eman diote; urtero legez, euskal argitaletxeen literatura nobedadeez beteta datorren urtaroa. Durangoko Azokaren lehenengo zantzuak hurbilago sentitzen dira eta argitaletxeak hasi dira denboraldi berrira begira euren apustu nagusiak zein-tzuk izango diren argitzen. 2015eko urte amaierako uzta oparo honek, beste batzuen artean, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia, Jon Arretxe edota Goizalde Landabaso egileen fruituak dakartza besapean; poesia liburu, kronika eta hainbat klasikoren itzulpenekin batera.
Eleberriaren atalean, Elkar argitaletxeak lau nobedade nagusi aurkezten ditu. Lehenengoa, Alaine Agirre idazle gaztearen eskutik dator, herio-tza eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztietan murgiltzen den X hil da lana. Jasone Osoro, berriz, ingurukoen elkarrizketen bitartez emakume baten bizitza eraikitzen doa 12etan bermuta nobelan, puzleen antzera, ertz ugariko pertsonaia bat islatuz. Solasaldi horiek, ordea, protagonistaren buruaren barnean gertatuko dira, Edith Piaffen musika airean dabilela. Iñaki Petxarroman gipuzkoarrak baleen arrantzale euskaldunak ditu hizpide Kearen fiordoa nobelan, 1615eko Islandiaraino bidaiatuz. Laugarrena Patxi Zubizarretaren Laranja bat zaborretan liburua da, “zikinkeriaz betetako munduko herri pobre batean gertatutako istorio harrigarri bezain ederra” kontatzen duena.
Txalaparta argitaletxeak Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak eleberria kaleratu berri du. Bertan, Enekoitz Ramirez, Lanbas, ETAko kide eta preso ohia da protagonista, Euskaltzaindian jasotako hainbat mehatxu ikertzen detektibe lanak egingo dituena. Bere aldetik, Gotzon Barandiaran larrabetzuarra Gidarien okerra (Susa) izeneko eleberriarekin dator.
Ereinek ere zaku bete nobela dakar urte amaierarako. Haien artean aipa-tzekoa da Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok, 36ko Gerra Zibila eta Donostia ardatz nagusi gisa hartzen dituena, Faustino Iturbe idazlea eta Lili neskatoa elkarrekin harremanetan jarriz. Obsesio baten erretratua aurkezten du Karlos Gorrindok Ezpainak arrainak bezala eleberrian, bikote baten arteko harreman korapilatsua istorioaren erdigunera ekarriz. Enda-ren arrakastaren ondoren, Toti Martinez de Lezeak Meli Zabaletaren sekretua ekarriko du literaturaren plazara, euskaraz eta gaztelaniaz. Bertsio elebiduna dakarren beste bat Jon Arretxe da, Estolda-jolasak eleberrian, hain zuzen. Nobela beltzak beste bi ordezkari izango ditu Ereinen: Carlos Ollo (¿Quién con fuego?) eta Noelia Lorenzo (La sirena roja).
poesia, indartsu Narrazioen atalean, batik bat Susa eta Erein dira proposamen berriak aurkezten dituztenak. Lehenengoari dagokionez, Harkaitz Canoren Beti Oporretan da nabarmentzekoa, aurki kaleratuko dena. Horrekin batera, Iparraldeko Bea Salaberriren Baionak ez daki -bere lehenengo liburua- eta Andoni Urzelairen Karanbola toxikoak disfrutatu ahal izango ditu irakurleak. Ereinen kasuan hiru dira proposamenak: Aritz Gorrotxategiren Koldar hutsa zara, Anjel Lertxundiren Zu eta Lourdes Oñederraren Intemperies (gaztelaniaz). Atala ixten duena Leire Aranoren Betiko atzo? (Ibaizabal) lana da, Peru Abarka saria lortu duena.
poemarioak Poesia dugu udazken honetako generorik indartsuenetakoa, zazpi titulu berrirekin. Karmele Jaiok beretzat berria den poesiaren arlora egin du salto, Orain hilak ditugu (Elkar) lanean zenbait gai jorratuz: denboraren igarotzeak sortutako mina, galdutako pertsonek utzitako hutsunea, desiraren itzaltzea, egunerokotasuna... Bere aldetik, Goizalde Landabaso kazetari bilbotarrarena lan autobiografikoa da hein batean; Babeserako kopia (Elkar) poetiko baten bitartez bere bizitzako zertzeladak jasotzen ditu, modu intimoan.
Pamiela ere poesiako titulu pare batekin dator: Izendatzearen menturan, Jose Angel Irigarayk idatzia, eta Mundua betetzen zenuten, Tere Irastortzarena. Ereinen liburu berrien artean 2014ko Blas de Otero saria eskuratu zuen Mendafin usaineko iluntzeak (Aintzane Galardi), Juan Kruz Igerabideren Emeki setiaturik eta Gerardo Markuletaren Denbora bere lekura aurki daitezke. Azkenik, Susak bere Munduko Poesia kaierak sailari dagozkion hiru lan berri kaleratu zituen herenegun; horien artean daude Ingeborg Bachmann poeta austriarraren erreflexioak, Nagore Tolosak itzuliak; Eugenio Montale Nobel Literatura Sari italiarraren lana, Anjel Lertxundik euskaratua; eta Jorge de Sena portugaldarrarena, Rikardo Arregiren itzulpenarekin.
sarrionandia Saiakeren atalean nabarmentzekoa da Joseba Sarrionandiaren lan berria, Gure politikaren bilakaeraz (Pamiela) behin behineko titulua daramana eta Durangoko Azokarako prest egongo dena. Moroak gara behelaino artean? (2010) entzutetsuaren ostean, iurretarraren hausnarketa politikoak bilduko dira, literaturaren eta kulturaren inguruko gogoetari ere lekua eginez. Horrez gain, badaude iragarritako beste zenbait titulu: Errekuperatzaileak, Pablo Sastre (Elkar); Nafarroako auziaz, Pruden Gartzia (Elkar); Bost truke. Lankidetza linguistikoaren bideetako jasokinak, Jon Sarasua (Pamiela); Azkue. Bilbotar ezezguna, Jurgi Kintana (Erein. 2014ko Unamuno Saiakera Saria) eta Independentzia helburu, Unai Apaolaza, Jule Goikoetxea, Imanol Galfarsoro, Andoni Olariaga, etab. (Txalaparta).
Euskarara ekarritako literatura unibertsaleko autoreen artean Virginia Woolf-en Farorantz nobela (Elkar), Michel Houellebecq-en Sumisioa (Meettok), Paul Austerren Neguko egunerokoa (Txalaparta), Clarice Lispectorren Zorion klandestinoa (Erein), Bill Douglass-en Bizi ondorengo heriotza. Nevadako kontakizuna eta James Joyce-ren Ulises daude.
Nobedadeen artean bestelako literatura lanak ere badira. Esaterako, Imanol Muruaren Ekarri armak eta Patziku Perurenaren Hilen xarma kronikak; Xabier Montoiaren Hondamendia (Elkar) zein Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialderen Euskal Mitologia (Txalaparta) bilduma eta Erlea aldizkariaren 9. zenbakia.