Musikari ekitetik arrakastarako jauzia berehala egin du Belako taldeak. 2011ko maiatzean abiatu zen proiektua, eta Josu Ximun Billelabeitia taldeko gitarra jotzaile eta abeslariari ilusioa nabari zaio bizi duten musika abenturari buruz hitz egiten duenean.

Mungiako Belako auzoan hasi zen taldea entseatzen, eta izena ere hortik datorkio. “Belako izan da Lore eta bion jaiolekua; entseatzen dugun lekua fabrika txiki zahar bat da, gure aitonarena zena; lantegi bat, eta lantegi horretan ordu asko igaro izan ditugu. Lorerentzat eta biontzat indar handia dauka lekuak, eta taldearen-tzat ere inportantea izan da, hasi ginenean entsegu pila bat egiten genuelako bertan. Baina leku gogorra da, hotza, hezea. Eta instrumentuek txarto pasatzen dute, eta aspaldian Mungiako lokal batzuetan elkartzen bagara ere, udan berriro gerturatu gara bertara”, azaldu du Ximunek.

Arrakasta oso denbora gutxian heldu zitzaion taldeari; izan ere, 2012. urtean Gaztea irratiak urtero antolatzen duen maketa lehiaketa irabazi zuen Belakok. Baina sari horren aurretik hainbat kontzertu jo zituztela adierazi du Ximunek: Mungian, Bilbon eta hainbat herritako jaietan eta gaztetxeetan. Hala ere, maketa lehiaketako saria baino ustekabe handiagorik ere izan zuten lehenago. “Taldea sortu eta urte erdira inguruko jendea etorri zitzaigun esanaz gure kanta bat Radio 3en entzun zutela, eta gu erabat harrituta geratu ginen. Antza denez, gure unibertsitateko irakasle batek maketa bidali zion Radio 3eko Julio Ruiz kazetariari, eta pila bat gustatu zitzaion. Ezin duzu irudikatu: talde bat sortu, lau kanta ba-tzen dituen maketatxo bat grabatu? inork ezin zaitu ezagutu, eta, hala ere, irratian, non eta Radio 3en! Ezusteko itzela izan zen guretzat!”.

Belakoko kideei ez zaie gustatzen egiten dutenari etiketarik jartzea. Hasieran helburua zer edo zer berria egitea zela aitortu du Mungiako abeslariak, “zerbait elektronikoa, postpunkarekin nahasia: esperimentatzea zen helburua”. “Beharbada, ez dugu sailka gaitzaten gustuko, beti sailkatu gaituztelako Joy Divisionen lerroan, eta guk gauza asko egin ditugu, zentzu askotakoak, gainera!”. Ximunek uste du hirugarren diskora arte ezin dela zehaztu norberaren estiloa, eta oraindik ere eraldaketa prozesu batean daudela, beraz, ezin dela etiketarik jarri. “Artean eta historiaren alorrean ere garaiak zehazten dira pasa direnean, distantziarekin ikusi eta analizatu ostean”.

Baina nondik edan duten ez du uka-tzen. Entzun izan dute Joy Division, The Clash, Ramones eta The Beatles, besteak beste. Musika britainiarra jaso dute, amerikarrari muzin egin ez badiote ere. Baina ez hori bakarrik, jende askok uste lezakeenaren kontra: musika klasikoa eta elektronikoa ere asko entzun izan dute.

Musikak bizi ditu Belakoko lau kideek musika izan dute arnas ume-umetatik, eta laurek izan dute harremana pianoarekin. Cris (ahotsa eta teklatua) biolinarekin hasi zen, ondoren pianora igaro arren; gurasoek musika klasikoa dute gustuko, eta aita piano jotzailea da. Lander ere pianoan hasi zen, bateria jotzen bukatu badu ere; eta biolinista zuen ama Euskadiko Orkestra Sinfonikoan. “Eta Lorek (baxua, teklatua eta ahotsa) eta biok luzaroan ikasi dugu pianoa. Gu ere musikaz inguratuta bizi izan gara: gure gurasoak ez dira musikariak, baina oso melomanoak dira, eta beti egon dira musika garaikidea en-tzuten. Gure aita Arte Ederretan irakasle da, eta musika arraroak erakutsi izan dizkigu beti”.

Eta, gainera, laurak igaro dira musika eskolaren batetik. Baina formakuntza musikal horrek bere mugak dituela uste du mungiarrak. “Musika eskolan jasotzen dena hezkuntza klasikoa da, kontserbatorioetan jaso-tzen denaren antzekoa, eta ondo datorkizu teknika hartzeko, adibidez. Baina taldea sortzerako orduan nik ikasitakoa desikasi egin behar izan dut; kanta gehienak nik konposatzen ditut, eta eskolan ikasitako hori apur bat alde batera utzi behar izan dut, musika beste ikuspegi batetik ikusteko. Azken finean, musika eskolan partitura bat irakurtzen irakasten dizute, baina talde bat sortzeko momentuan ez dago araurik”. Belakorengan talde punkiek eragin handia izan dutela uste du Ximunek, ez bakarrik musikan, kontzeptuan bertan baizik, “birtuosoak izan barik ere, gauza sinpleak eginda zer edo zer lortu dezakezulako”. Jarrera kontua dela irizten dio, talde bat sortzerakoan zure bizitzan zerbait egin duzun seinale dela: “Aberatsago egiten zaitu”.

Irekitik itxira Musika jaialdi ugari bisitatuko ditu Belakok hasi berri dugun udan. BBK Live jaialdian hasi, eta ondoren helduko zaizkio Biarri-tzeko Big Festival, Low Festival eta beste asko. Horrela urrira arte. Jaialdi handi horiek, baina, zapore gazi-gozoa eragiten diela dio gitarra jotzaileak: “Agertoki handiak, talde askorekin batera, ezagutzen ez zaituen jende pila bat aurrean?”.

Uda amaitu ondoren, berriz, beste bira bati ekin nahi diotela aitortu du: “Guri gustatzen zaizkigun lekuetan. Konturatu gara leku itxietan, jendea oso aurrean egoten den kontzertuetan, izerdia igartzen den horietan nabari duela jendeak talde bat gustuko duen ala ez. Aldea hor dago Le Bukowskin edo BBK Liven ikusi gaituenaren artean”. Taldekideak ere gusturago egoten dira areto itxietan, bai soinuagatik, bai gertutasunagatik. “Segurtasun handiagoa senti-tzen dugu zulo txiki baten iluntasunean, gehiago disfrutatzen dugu, taldekideon arteko harremana estutu egiten da, eta emaitza hobea da”.

Lokatz artean Detaile txikiak izaten dira talde bat handi egiten dutenak; eta beti ez musikarekin zuzenean lotutako detaileak. Punta-puntako jaialdietan jotzen du Belakok, baina inor ez dadila harritu bere herriko auzoko jaietan ere noizbait ikusiz gero. BBK Liven jotzen duen era berean, taldeko kideek ez dute Otxandioko Mekoleta auzoan (Bizkaia) jotzeko arazorik, esaterako. Eta Mekoletako kontzertu hura ez du ahazteko Josu Ximunek. “Josu Zabala (Hertzainak, 7 eskale edota Gu ta gutarrak) aritzen da Mekoletako jaiak antolatzen, eta pasa den urtean bertan jotzeko eskatu zigun Sei urte taldearekin batera. Kontzertua kalean izaten da. Baina iaz itzelezko euri zaparrada egin zuen, eta nahi adina basa sortu zen. Egun osoa pasa genuen gauean ea zer eguraldi egingo zuen pentsa-tzen, eta, afaltzen geundela, adibidez, auzo osoan joan zen argindarra. Gogoan dut Josu Zabalak behin eta berriro errepikatzen zuela Epikoa! Epikoa! Hau epikoa da! Non ikusi da hau!. Primeran pasatu nuen. Kon-tzertua egon zen azkenean, eta bakarrik egon ginen. Jendea 10 metrora-edo egon zen, pilatutako kakatzagatik, eta, azkenean, parrandan zebiltzan batzuk gerturatu zitzaizkigun basatza artera. Josuk arrazoi zuen: epikoa izan zen!”. Jarrera kontua da; detaile txikiek egiten baitituzte taldeak handi.