Síguenos en redes sociales:

Harrabots otzandua

Kalakan taldea berezko bidera bueltatu da, hots, Euskal Herrira, Madonnarekin izandako arrakasta "naturaltasunez" asimilatu ostean

Harrabots otzanduaPablo Viñas

KANTA zaharrak aukeratu, euskal tradizioko soinu eta hitzak bihurritu eta aspaldiko harrabots guzti horiek otzanduz bestelako kantu-moldea agertu zuten jendaurrera duela hiruzpalau urte, modu "intimista eta naturalean". Emaitzak Madonna bera ere liluratu zuen, eta iazko urte osoa eman zuten iparramerikar izarrari laguntzen, hark munduan zehar egin zuen bira ikusgarri eta polemikoan. Kalakanek asimilatu du orduko zalaparta hura (Sagarra jo kantatu zuen euskaraz Madonnak) eta taldea berezko bidera bueltatu da, musika-industriaren arranpari ihes egin diola. "Begira, Zamudiora estreinakoz joan ginenean hogeita hamar bat lagunen aurrean jo genuen. Berriz bueltatu gara aurtengo maia-tzean eta bostehun lagunetik gora bildu dira gu ikusteko. Hori dakar Madonnarekin jotzeak. Aurrena kanpoan egin ezagun eta gero txalotzen zaituzte etxean". Thierry Biscary-ren hitzek aspaldiko mantra dakarte gogora, kontu hori birus hedatua baita, ez bakarrik musikan, ez bakarrik gurean. "Tira, guk hori dena naturaltasunez hartu dugu, geure bideari jarraikiz, ondotxo baitakigu zein den gure lekua", emendatu du Jamixel Bereauk, bere txima luzeen aterpetik.

Xan Errotabehere musikari gaztea da Kalakaneko hirugarren erpina: "Guretzat ezustea izan zen Madonnarena, baina badakigu zein den gure bidea; euskararen hautua egin dugu, molde jakin baten hautua, eta horri eutsiko diogu aurrerantzean ere". "Hiru mila lagunetik beherako neurria da gurea", gehitzen du Biscaryk. "Bilatzen dugun emozioak ez du gehiago eskatzen, eta, ondo pentsatuz, hiru mila ere asko dira".

harreman intimoa

Isiltasunaren garrantzia

Asteartean, Zornotzako Zubialde parkean erakutsi zuten esandakoak ez direla berba hutsak (ez hutsalak). Muntaia xume baten aurrean agertu zuten errepertorioak bazuen pisua, bazuen xarma, bazuen poetika puntu bat eta bazuen emozioa probokatzeko ahalmen izugarria. Arratsalde parteko entseguetan ere berdintsu jokatu zuten: tentu handiz, elkar akuilatuz, detailerik txikienari erreparatuz. "Geure buruarekiko zorrotzak izan behar dugu, eta horregatik dira hain garrantzi-tsuak entseguak, hortxe arraspa-tzen baititugu azken zakartasunak", seinalatzen du Xanek, albokaren zulo beltza libratzen duen bitartean.

Baina ez dute bakarrik soinua eta ahotsa zaintzen. Kantaldietan sortu beharreko giroa garrantzitsua da beraientzat. Eszena gainean, egurrezko mahaitxo bi, danborrak, Indiatik ekarritako organo tentea eta mikrofonoak nonahi. Atzean, musikoen sorbaldak zaintzen, txalaparta, eta eszenatokia inguratzen lau habe fin, errezel zuriz estaliak. Atrezzo soilaren atzean zartagin bat jartzen dute lurrean, kea dariola. "Honek ez du zaratarik atera-tzen", dio Jamixelek, "eta guretzat isiltasuna garrantzitsua da, zaindu behar dugun kontua".

Kalakanen ikuskizunean isiltasunak bezainbat balio du hurbiltasunak, publikoarekin lortu nahi duten "harreman intimoak". Hurbiltasun hori, konplizitate hori, elkarrizketaren eta umorearen bitartez lortzen dute. "Kantu ba-tzuetan interpretatzea ere garran-tzitsua da", agertzen du Jamixelek, eta emoziorako bidea bihotzetik pasatzen denez, saiatzen dira ikuslearen bihotzari eragiten.

Lau urteko ibilbidean denetarik bizi izan dute taldeko kideek, baina tinko eutsi diote hasieran markatutako bideari. Sekretua? "Niretzako solas egitea, komunikazioa oso garrantzitsua da. Gauzak mindu orduko erratea hobe, zuzen eta errespetuz, diren bezala erran, gordinak badira ere bai, horretan dago gure harremanaren gakoa", azaltzen du Thierryk. Jamixel ere iritzi berekoa da: "Eta bitxia bada ere, asko ikasten duzu besteari buruz, bai, baina baita zeure buruari buruz".

intuizioa

Kantuaren zentzua mantendu

Taldeko errepertorioari begiratu eta aukeratutako kantuek badute halako nolakotasun bat. Baina, zein irizpide erabiltzen dute aukeraketa prozesuan? "Bihotz kolpea esaten da, ezta? Intuizioa, ezta?", galdetzen du Jamixelek. "Hautua ez da bakarrik burutik pasatzen; buruak, gorputzak eta bihotzak, denak esan behar dizu baietz. Eta, horrez gain, kantuaren posibilitateak aztertu behar ditugu, hau da, zer aterako den hortik gure helmugak eta gure moldeari erreparatuz", gaineratzen du hiruetatik beteranoenak. Xan Errotabeherek askatasunez jokatzen dutela dio: "Dependitzen du, kantuaren zen-tzua mantentzen dugu, baina ez duzu propio deliberatzen zer aldatu eta zer ez. Askatasun osoz joka-tzen dugu hor. Kontent geratzen garenean amaitzen da prozesua. Hori da neurria".

Intuizio eta intimitatearekin batera, naturaltasuna da gehien erabiltzen duten berba. Ondorioz, naturaltasunez bizi dute beraien zeregina, beraien arrakasta eta, zelan ez, beraien euskalduntasuna: "Gurea ez da euskal tradizioneko kantuak emaiteko molde zuzena, baizik eta geurea", aipatzen du Thierryk. "Eta euskarari dagokionez -botatzen du Jamixelek, gaia aldatuz-, Espainian eta Frantzian daude arazoak, hortik kanpo ez daukagu arazorik euskararekin. Geure ama hizkuntzan kantatzen dugu eta kitto, estatu eta mugen gainetik".

Eta etorkizunerako, lana eta lana. Oreka TX-en Erritmo ikuskizunean parte hartuko dute udagoienean, eta 2014rako Katia eta Marielle Labèque piano joleekin arituko dira berriz (Igor Stravinskiren Primaderaren sagarapena interpretatuko dute elkarrekin).

Madonnarekin interpretatutako Sagarra jo-rekin zarratu zuten Zornotzako emanaldia, zaleen eskakizuna asetuz. Kalakanen azken kantua amaitu orduko gauak emeki irentsi zituen egunaren azken arrastoak, eta elizako kanpaiek oherako bidea sujeritu zuten, ozen.