Orain dela zenbait urte Itxasgane futbol zelaiaren ondoko aparkalekuan zuten autokarabanentzeko aparkalekua berreskuratuko du Bermeok. Mota berberako bigarrena Busturialdean, Gautegiz Arteagan eraiki zutenaren antzerakoa, gaur egun hain bogan den turismo mota honetako bigarren azpiegitura izango da eskualdean. Udalak jada lanak egiteko proiektua onartu du, baita lanak egitea adjudikatu ere eta datozen asteotan ekingo zaio eraikitzeari. Danatara 132.000 euroko kostua izango dute lanok, eta epeei dagokionez, udaberrirako erabilgarri izatea espero dute.

Lanon helburuen artean hauexek agertzen dira, esleipenari amaiera ematen dion alkatetza dekretuari erreparatzen bazaio: "Autokarabanen erabilera handitu egin da urte guztian zehar eta batez ere uda edota oporraldietan", udaletik diotenez. "Autokarabanen erabilera handitzearekin sortu dean arazoa konpontzeko -mota honetako ibilgailu asko izan dira udalerriko Landabaso industrigunean aparkatzen azken hilabeteotan-, herriko edozein lekutan aparkatzen dabelako arazo desberdinak eraginez, beharrizana ikusi da leku bat egokitzea, behar daben zerbitzu guztiekin, elektrizitate eta ur hartuneak, eta ur lohiak isurtzeko lekua". Eraikuntza lanei dagokienez, Mendiluzko hilerriaren ondoko gunean ezarriko da autokarabanentzako espresuki erreserbatutako aparkalekua. Zerbitzuei dagokienez, erabat hornitua izango da, hau da, ura eta elektrizitatea jasotzeko aukera emango du. Orotara 19 plaza izango direla jakinarazi dute.

Gunea egokitu

Lehiaketa publikorako zabaldu ziren agiriek diotenaren arabera, aparkalekuaren 8.013 metro koadrotik 1.500 metro koadro inguru erreserbatuko dira karabanentzako. Bestalde, Pergola inguruko automobilen plazak gutxitu ko dira, 354tik 267 plazetara pasatuz. Kanposantuaren hegoaldeko hormaren kontra jarriko dituzte autokarabanentzako plazak, aparkaleku orokorretik bananduak izango direnak. Hau da, gune bereziak bere tipologia propioa izango du. "Sarrera eta irteera propioa izango dute", diotenaren arabera, Horrela posible izango da dagoen aparkalekua bereziki bereiztea, bakoitzak bere kudeaketa izango duelarik. Lau borne jarrita, elektrizitatea jaso ahal izango dute, baita ura ere. Ur lohiak isur-tzeko aukera ere emango da. Azkenik, lanak egiteko epea bi hilabeteetan ezarri du Bermeoko Udalak.

Autokarabanen presentzia gero eta handiagoa da eskualdean. Eta hainbat udalek -Mundaka edo Busturia, ezkerraldean, baina baita Ibarrangelu, itsasadarraren eskuinaldean- hauen joan-etorriak kontrolatzeko neurriak hartu behar izan dituzte, batez ere ikusirik nola okupatzen dituzten kontrolik gabe udalerriko hainbat gune. Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zenbait naturgune ere horrelako egoera beretsua pairatu izan dute. Bermeok ere bere gunea propioa izan zuen Pergolan, baina aparkalekuaren berritzearekin batera -pandemia baino arinago egin zuten proiektua, 2018, urtean zehazki, Pergola Gaztelugaxerako aparkaleku nagusi bilakatuz- lehen zeuden autokarabanen-tzako plazak desagertu ziren.

aparkaleku bat eskualdean

Busturialdean dagoen gune bakarra Gautegiz Arteagan eraiki zuten, Urdaibai Bird Centerren eraikinaren alboan. Doakoa da eta orotara sei plaza ditu, zerbitzu guztiak jasotzeko aukera ere emanez. Lea Artibairen kasuan, Lekeition dago kokatutako eskualdearen erreferentziazko aparkalekua, Uribarren Abaroa fundazioaren erresientziaren osteko gunean ezarri zutena aspalditik. Udaberritik aurreran Bermeoko gunea ere erabilgarri izango da.