Datorren larunbatean, abuztuaren 7an, Ondarroako Baserri Azoka ospatuko da Itxas Aurre plazan. Azoka goizeko 10:00tan zabalduko da, “eta arratsaldeko 15:00ak aldera arte aukera izango dugu aukera bertoko baserriko produktu ederrenak erosteko”, azaldu dute Lea-Artibai Landa Garapen Agentziako arduradunek. Bada, 13 postu izango dira guztira, non lehen sektoreko hainbat produktuz hornitzeko aukera izango den, salmentak sustatuz eta baserritarrei behar duten hauspoa emanez.

Eskualdeko erakundearen jomuga salmenta zuzenean eragitea izango da. “13 postu jarriko dira Itxas Aurre plazan ekoizleek salmenta zuzena burutu dezaten. Ondarroako azokan guztira 13 ekoizleizango dira produktuak zuzenean saltzen”, diotenez. Parte-hartzaileen artean lau gaztagile -Idiazabal, ahuntz behi gazta ekoizten dituztenak-, gozogileak, ahatekien ekoizle bat, eztigile bat, ortuzain bat, esnekien ekoizle bat, txerrikien ekoizle bat, barazki eta fruta kontserben ekoizle bat eta arrain kontserben ekoizle bat izango direla aurreratu dute.

Ondarroan egingo den azokaren antolatzaileak Lea-Artibaiko baserritarrak eta eskualdeko Landa Garapenerako Elkartea dira. Hala ere, “antolatzaileok esker bereziz eskaini gura diegu azoka antola-tzen lagun izan ditugun eragileak: Ondarroako udal brigada, udaltzaingoa eta Lea-Artibaiko baserritarrak”.