Bermeoko Udaltzaingoak 21 pertsona salatu ditu asteburu honetan “lokaletan egoteagatik edo botiloia egiteagatik”, koronabirusa dela eta gune gorrian izanda, legedia urratzeagatik. “Izan ere, gogorarazi behar da lokal hauek itxita egon behar dutela eta botiloia egitea erabat debekatuta dagoela. Gainera, Udaltzaingoak beste 16 lagun salatu ditu 4 pertsona baino gehiagoko taldeetan egoteagatik edo orduz kanpo kalean egoteagatik”, jakinarazi dutenez.

Nahiz eta gutxika baden ere, Bemreoko datuak hobeagotzen ari diren, Ariz Abaroa alkateak gogor salatu du azken asteburuetan izandako salaketa kopurua. “Elkarrenganako errespetua ezinbestekoa da eta jarrera hauek gogor salatu behar ditugu. Beheranzko tendentzia ageri bada ere, herriko datuak oraindik ez dira bat ere onak eta zuhurtziaz jokatu behar dugu. Gogorarazi behar dugu birusaren transmisioa altua dela. Ezin gaitezke lasaitu. Jakin badakit ahalegin handia egin dugula hilabete hauetan zehar. Bada, orain ahalegin horri eustea dagokigu eta, noski, arauak modu solidarioan betetzea”, esan du. “Lokalak ezin daitezke zabaldu eta erabat debekatuta dago botiloia egitea. Herriko Udaltzaingoak bere lana egiten jarraituko du eta horrelakoak ikusten dituenean legea betearaziko du. Guztiok dakigu gehienez 4 pertsonako taldeetan elkartu gaitezkeela eta ordutegi batetik kanpo ezin gaitezkeela kalean egon. Diodan moduan, legea betetzea behar beharrezkoa da, guztion osasun eta etorkizuna baitago jokoan”, bukatu du Abaroak.

Bestetik, atzokoan ere eman zuten jakitera Udalak herriko hainbat zerbitzu irekiko dituztela , “egoera sanitarioaren hobekuntzaren aurrean”. Bada, gaur bertan umeen jolaslekuak, skate pista eta aire libreko kirolguneak zabalduko dira (Arene Frontoia, besteak beste). Gainera, otsailaren 18tik aurrera ere Bermeoko Musika Eskolak eskola presentzialak berreskuratuko ditu. “Egoera sanitarioak hobekuntzarako bidea hartu du, nahiz eta oraingoz alarma gorria egoeran gauden. Badirudi kutsatuen kopurua egunez egun murriztuz doala eta honek erabaki hau hartzera eraman gaitu”. Hala ere, preben-tzioaren beharraz ohartarazi du Abaroak. “Ez gaitezen erlaxatu. Asko dugu oraingoz egiteko. Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak betetzea ezinbestekoa da”.