Busturialdea eta Lea-Artibai, Aratusterik gabe

Osasun egoera baldintzatuta, Mundaka, Lekeitio, Gernika eta Ondarroak ez dute inauteriarik ospatuko

01.02.2021 | 00:25
Mundakako lamiak, iaz egindako kalejiran.

Ondarroa izan zen neurria publiko egiten lehena, baina honen ostean Mundaka, Gernika-Lumo eta Lekeitio etorri dira. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat udalerri gune gorrian izanda, ez da inauteriarik izango eskualdeetan. Ospakizunak datorren urterako uztea adostu dute.

"Lekeition ohikoak diren hainbat ekintza bertan behera geratu behar izan dira azken hilabeteetan zehar. Egungo osasun egoerak eta pandemiaren aurrean hartu beharreko babes neurriek, ezinezkoa egiten dute ospakizun handiak antolatzea", azaldu dute udaleko iturriek. "Hori dela eta, aurten ezin izango ditugu Aratusteak ospatu ezta ere egun horietako kalejira, kontzertu edota bestelako ekintzak egin", gaineratu dute. Bada, "pena handiz, jende pilaketak eta arrisku egoerak sortu ditzaketen jai eta ekintzak alde batera utzi behar ditugu oraingoz". Bestetik, otsailean ospatzen diren beste zenbait ekintza kulturalei buruz ere jardun dira. "Garrantzitsua da ere otsailean egiten diren Santa Agendako kalejirak edota Sasi Koipetsurekin lotutako ospakizunak taldean ez egitea".

Gernika-Lumoren kasuan, arrazoiak ere antzerakoak dira. "Egungo testuinguruan, zalan-tzarik gabe, ezinezkoa da inauteriak orain arte bezala ospatzea", diote. "Zentzudunak izan behar dugu, herritar guztien ongizatea zaindu behar dugulako", Jokin Garatea Kultura zinegotziaren esanetan.

Azkenik, Mundakan ere erabaki berbera hartu dute. Eta ez da izango atorrak eta lamien kalejirarik. "Atsekabez, eta herriko elkarteekin adostuta, aurten ezin izango ditugu gure Aratuste maitatuak ospatu", adierazi dute Udaletik, kaleetan zabaldutako bando baten bitartez.

noticias de deia