Lanbide Ekimenen Zentroak 79.490 euro bideratuko ditu “inguruko enpresei laguntzeko eta ekonomia susta-tzeko proiektuak eta jarduerak bultzatzen jarraitzeko”, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaia Orekan delako programaren baitan. Hala jakinarazi dute Gernika-Lumoko udaleko arduradunek, diruz lagunduko diren lau ekimenak hauek izango direlarik: garapen ekonomikorako plan bat osatzea, Egurre proiektuari aupada ematea, networking ekintzak garatzea Busturialdean eta Lea-Artibain eta eskualde mailako berrikun-tza eta lehiakortasuna susta-tzeko ekintzak garatzea.

“Busturialdean berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea, teknologian oinarritutako ekosistema ekintzaile bat sortzea, enpresa eragileen erronkei irtenbidea ematea eta eskualdean kalitatezko enplegua sor-tzea” izango da hautatutako ekimenetako bat. Eta nahiz eta askorik zehaztu ez duten, ekimena enpresekin batera egingo dutela aurreratu dute. “Bertan sartuta daude Busturialdeko enpresa garrantzitsuak, hala nola Maier, Egoin, LGK, TDG Clamping Solutions, Albacora, Pevasa, Echebastar eta Wartsilla”, Lanbide Ekimenak erakundeko arduradunek adierazitakoaren arabera.

beste proiektuak

Bestetik, garapen ekonomikorako plan bat burutuko dute, Busturialde osoari aipamena egingo diona; baita “networking-ekintzak Busturialdearen eta Lea Artibairen artean”, enpresen ikusgarritasuna hobetzeko eta produktuak edo zerbitzuak merkaturatzeko modu berriak errazteko jomuga duena. “Horretarako, lanean ari gara networkingeko plataforma birtual bat sortzeko, negozio-aukerak areagotzeko eta online enpresak sustatzeko, haien kokapena hobetuz. Erakusleiho zoragarri batean Gernikaldeko 70 enpresa inguruk parte hartzea aurreikusten da”, diotenez. Azkenik, Egurre proiektuak “zuraren sektorea aztertzean eta batera merkaturatzeko laguntza ematean” oinarritzen da eta ekimen hau ere diruz laguntzen jarraituko dutela aurreratu dute.