- Herriko eta eskualdeko artistak izango dira protagonista Ondarroan aurten sortutako Kultur Uheri egitasmoan. Jakinda Andra Mari jairik ez dela izango, kultur eskaintza alternatiboa osatu dute uztailaren 31tik abuztuaren 30era bitartean, "herriak askotariko kultur ekimenez gozatzeko". Koronabirusak eragindako osasun-neurriak zorrotz beteta, frontoian eta herrian zehar 15 emanaldi izango dira eskuragai. Dan-tza, musika, zinea, antzerkia, herri kirola edota herri ginkana, besteak beste, proposamenetaz gozatzeko aukera ematen duten sarreren salmenta abian jarri dute jada.

"Ekimen hau antolatzeko bi arrazoi geneuzkan mahai gainean: alde batetik herritarrek kultura kontsumitzeko nahia eta jaietan ezin egin ahal izatea, eta bestetik, kultur arloko profesionalek koronabirusak eragindako larrialdi egoeran jasan behar izan duten egoera txarra" arintzea, Aritza Aristondo kultur zinegotziak azaldutakoaren arabera. Arrazoi biak uztartuz ostiral, larunbat eta igande arratsaldeetan zer egin izango da Ondarroan. Datorren asteburutik hasita -Tio Teronen Semeak arituko dira ostiralean; Biren eta Patxi Saiz musika emanaldiak larunbatean eta herrian zehar pista jolada eta ginkana berezia igandean-, Kultur Uherik jarraipena izango du asteburuero.

Kultur Uherik abuztuaren 7, 8 eta 9an izango du segida. Ostiralean Iñaki Maruri, Mitxel Santa Marina eta Ismael Pereiraren ikuskizuna izango da; larunbatean Trapu Zaharrak taldearen antzerkia, eta azkenik, igandean umeentzako ikuskizuna izango da frontoian. Hurrengo asteburuan Dantzarte eta Lasala konpainiaren dantza ikusteko aukera izango da, ostean -larunbatean- Mutrikuko Musika Banda arituko da, eta igandean Panta Rhei an-tzerki taldea izango da. Ondarroko udako kultur egitasmoak segida izango du abuztuaren 21ean, Garoaren musikarekin; abuztuaren 22an herri kirolen saioarekin, eta abuztuaren 23an, umeentzako ikuskizun batekin. Azkenik, abuztuaren azken asteburuan beste hioru hitzordu izango dira: Nagore Leon eta Itziar Saenz de Ojenen antzerki emanaldia, emakumeen bertso saio musikatua eta umeentzako zine emanaldia.

Behar bezalako neurriak hartuta -frontoien edukieraren %60a baino ez da beteko ekitaldi bakoi-tzean-, Udalak salgai jarri ditu ikuskizun guztietarako sarrerak. Turismo Bulegora jo beharko dute interesa dutenek, 10.30etik 14.30era eta 16.30etik 20.30era. "Persona bakoitzak ikuskizun bakoitzerako lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez", eta sarreren prezioa "bi eurokoak izango dira; euro bat umeen ikuskizunetan", gaineratu dutenez.