Lekeitio - Aratusteak prestatzen hasiak dira jada Lekeition. Jai Batzordeak antolatuta, kartel iragarlearen lehiaketa abiarazi dute. Sari bakarra izango da eta lanik onena aurkezten duenak 200 euro poltsikoratuko ditu.

Edonork parte har dezake lehiaketan, beti ere oinarriak betetzen baditu. Lekeitioko Aratusteei lotutako berezitasunen bat agertuko beharko da irudian eta epaimahaiak baztertu egingo ditu herriko aratusteekin zerikusirik ez duten kartelak. Edozein teknikatan, euskarri digitalean aurkeztuko dira -artxibo digitala, PDF, JPG edota PSDan- eta A3 tamainan, bertikalean eta gutxienez 225ppp-ko bereizmenarekin.

Lanak aurkezteko azken eguna eta ordua 2020ko otsailaren 6a izango da 21:00etara arte. Eta Eusebio Erkiaga Kultur Etxean eraman beharko dira, goizeko zein arratsaldeko ordutegian. "Otsailak 11n jakitera emango da irabazlea eta saria hartzeko eguna eta tokia Udaleko facebookean, Kultur Etxeko iragarkien taulan eta komunikabideetan", azaldu dutenez. Lekeitioko Jai Batzordeak, hala ere, "saririk ez ematea erabaki dezake, aurkeztutako kartelek behar besteko mailarik ez dutela uste badute". - I. F.