Barakaldoko Udalak udalerriko 88 langabetu kontratatzeko bost prestakuntza-proiektu jarriko ditu martxan udazkenean.. Toki Garapenerako Agentziako Enplegu saileko zinegotzi ordezkari Juan Antonio Pizarrok plan honen nondik norakoak azaldu egin ditu.

Udazkenean hasiko dira ikastaroak: marketin industriala, turismo industriala, orientazioa hirugarren sektorean, ospitale-garbiketa, egitura metalikoen pintaketa eta 'silver economy'a (mendekotasuna dutenentzako arreta, norberaren autonomia hobetzeko prozedurak aplikatuz).

"Ez dira, ordea, prestakuntza ekintza soilak. Hain zuzen ere, partaideen laneratzea erraztera eta enplegagarritasuna hobetzera bideratuta daude. Alde batetik, oraintxe lanpostu-eskaintza dagoen jardueretan jartzen dutelako arreta, eta bestetik, langabetuei jarraipen-laguntza emanez egiten delako prestakuntza", azaldu du Pizarrok.

Gaian adituak diren bi erakunderen bidez jarriko dira abian prestakuntza ekintzak: Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioaren bidez eta Integrando Fundazioaren bidez. Biek hartu dute ikastaroetan parte hartzen dutenen erdia gutxienez laneratzeko konpromisoa.

Idoia Mendia lehendakariorde duen Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak finantzatuko ditu % 90ean ekimenak, Lanbideren Proiektu Berezien programaren bitartez. Udalak, berriz, gainerako % 10ean.

IZENA EMATEKO EPEA ZABALTZEAR

"Hasiak ditugu dagoeneko ekintza horiek abian jartzeko administrazio-izapideak, eta, beraz, Lanbidek deialdiaren beharkizunak betetzen direla egiaztatu bezain laster jarriko dira martxan. Hasi baino lehen, jendaurrean jakinaraziko den epea zabalduko da, interesatuek izena eman dezaten", esan du Juan Antonio Pizarrok.

Aurtengo urtearen amaieran eta 2022an abian jarriko diren plan berrien bidez kontratatuko diren udalerriko 210 bizilagunei gehituko zaizkio Proiektu Berezikoak. Kontratazioak burutu ahal izateko, 2,7 milioi inguru inbertituko dira. Kopuru horren zatirik handiena - ia 2,4 milioi - Idoia Mendia zuzendari duen Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak jarriko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez.