BARAKALDO. Barakaldoko Udalak antolatutako 2020-2021 Enplegu Planean sartzeko informazio-saioak oso erantzun ona izan dute barakaldarren artean. Guztira 285 lagun hurbildu dira Juan Antonio Pizarro zinegotziak zuzendutako Enplegu, Gizarte-kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa sailak.

Saio horiek irailaren 14an hasi, eta duela gutxi amaitu dira. Guztira, 21 saio egin dira, eta horietan Barakaldon bizi diren langabeek hartu dute parte. Aldez aurretik, parte-hartzaileek enplegu-zentroan izena eman behar zuten.

"Ikusi dugunez, prestakuntza espezifikorik eskatzen ez duten lanpostuak dira interes handia sortzen dutenak: peoia, administraria, gidaria..." adierazi du Pizarrok, eta gogorarazi du Enplegu Planean aurreikusitako 210 lanpostuetako asko mota horretakoak direla.

Egunean bi informazio-saio egin dira, gehienez ere 10 lagunekin. Pertsona horiek maskararekin joan behar izan dute, eta segurtasun-distantzia egokia gorde behar izan dute, Covid-19a dela eta agintariek ezarritako osasun-neurriak betetzeko.

Informazio-saioak eskaria egon den bitartean antolatu dira, baina horiek amaitzeak ez du esan nahi Enplegu Planean aurreikusitako kontratazioetan interesa duten barakaldarrei orientazioa eta informazioa emateari utziko zaionik. Hemendik aurrera, Inguraldek Innobak Beurko eraikinean (Dolores Ibárruri pasealekua 82, Beurko zaharra) edo 944 189 044 telefono bidez egingo du lan hori.

"Oso garrantzitsua da planean parte hartu nahi dutenek enplegu-eskaria eta Lanbideko curriculuma eguneratua izatea, Lanbidek berak egiten duen hautagai-hautaketan sartuta egoteko" gogorarazi du Juan Antonio Pizarrok.

EUSKO JAURLARITZAREN DIRULAGUNTZA, LANBIDEREN BITARTEZ

2020-2021 Enplegu Planean 210 lagun zuzenean kontratatzea aurreikusita dago eta 2,91 milioi euroko inbertsioa egingo da. Idoia Mendia lehendakariordeak zuzendutako Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak 2,66 milioi jarriko ditu Lanbideren bitartez, eta gainontzeko 250.000 euroak, berriz, udal kutxetatik aterako dira.

Plan berriaren bidez sortuko diren lanpostuak lanbide-profil oso heterogeneoak dauzkatenek beteko dituzte, eta hainbat programetan banatuko dira. Zehazki, enplegua sustatzeko 52 proiektu aurkeztu ditu Barakaldok. Kontratazio guztiek 4 eta 6 hilabete bitartean iraungo dute, eta Inguralde tokiko garapen agentziaren bitartez gauzatuko dira.