BARAKALDO. Hurrengo astetik aurrera, Barakaldoko merkatu txikiek postu guztiak ireki ahal izango dituzte berriro. Hori azaldu du Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Naturala arloko zinegotzi Alba Delgadok gaur goizean. Horrela, Gurutzetako Bakea aparkalekuko merkatuak 31 postu izango ditu astelehenean, eta Ansioko erakustazokakoak, aldiz, 93 postu ostegunean.

Orain arte, azoka txiki horietan honako produktu hauek saltzen zituzten: landareak, frutak, barazkiak, kosmetika, tresneria, fruitu lehorrak, ozpinetakoak, gozokiak, lekaleak eta drogeria. Datorren astean gainerako saltzaileak gehituko zaizkio; ehungintzatik hasi eta zapata-denda eta bisuterietaraino.

"Zuhurtasuna eskatzen diet azoketara doazenei. Normaltasun osoz joatea dagp, baina beti higieneari eta gizarte-distantziari buruzko arau berriei jarraituz. Birusak gure artean jarraitzen du, eta zuhurtasun handiz ibiltzea komeni da", azpimarratu du Alba Delgadok.

Bi merkatu txikietako postuak 4 metroz bereizita egongo dira, beharrezko segurtasun-neurriak bete daitezen.

Eremura sartzeko gune bat eta bertatik irteteko beste bat prestatu dira, eta bertan egongo dira Babes Zibileko boluntarioak. Gel hidroalkoholikoak jartzeaz gain, maskara higienikoak banatuko dira halakorik ez dutenen artean. Era berean, ezingo da produkturik itzuli, eta saltzaileek eskularruak eman beharko dizkiete produktuak ukitu nahi dituztenei.

Bakea-ko merkatu txiki osoa jartzeko inguru horretako aire libreko aparkalekua itxi beharko da, postuek zabalgune osoa hartuko baitute.

Ansion, Euskadi etorbidea eta Megapark lotzen dituen pasealeku nagusian kokatuko dira postuak. Hortxe jarri ohi dira Karmengo jaietan ere. Merkatu txikira joan nahi ez dutenek alboetako bi bideetan paseatu daitezke.