Barakaldon Donejakue bideko seinale berriak jarri dituzte, Alba Delgado Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotziak ostiralean jakinarazi zuenez. Ostegunetik aurrera, ibilbide horretako hiri-zatiak 25 informazio-panel berri ditu, urdinak eta letra eta gezi horikoak: Retuerto auzotik San Bizentera, Ansio, Arteagabeitia eta erdigunetik igarota.

"Orain arte, seinaleztapena faroletan edo bide publikoan bertan margotutako gezi horiak besterik ez ziren. Seinale berriek Donejakue bideari garantiza ematen diote. Udalak arreta handiagoa jartzea merezi zuen azpiegitura enblematikoa da", nabarmendu zuen Alba Delgadok.

Seinale berriek, erromesek ibilbidea hobeto ikusteko ez ezik, herritar askok Barakaldoko Donejakue bidearen hiri-zatia ezagutzeko ere balioko dute. "Jende askok ez daki zein den ibilbide zehatza", gogorarazi du Delgadok.

Seinaleztatutako ibilbidea panel batekin abiatzen da Erribera etorbidean, BEC atzeko biribilgunearen ondoan dagoen oinezkoen pasabidearen ondoan. Ondoren, 13 panel jarri dituzte Euskadi etorbidean zehar (Ansio eta Arteagabeitia auzoetatik epaitegietara), bi Eskulturen Parkean, lau Gernikako Arbola kalean (erdigunetik San Bizenteraino), hiru elizate plazan, bat El Rosario kalean eta beste bat San Bizente hilerriaren inguruan.

KOLORE OFIZIALAK

Informazio paneletarako erabilitako koloreak 1989an Herri Lan eta Hirigintzaren Ministerioak argitaratutako Donejakue bidea seinaleztatzeko Erabilera Eskuliburutik hartu dituzte.

Alba Delgadok azpimarratu du, halaber, seinaleak hobetzeak Donejakue bideak Barakaldon duen erakargarritasun turistikoa hobetzea ahalbidetuko duela. Izan ere, iparraldeko ibilbideak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta hiriak bere irudia indartzeko balia dezake, bai hemen, bai atzerrian.